Donostiak Hernani kanporatu zuen atzo, finalerdietan

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 15a, 02:00

hernanik bukatu du aurtengoz Herri Arteko Pelota Txapelketa ibilbidea, Donostiaren kontrako bi kanporaketak galdu eta gero. Atzo ere 2-1 galdu zuten hernaniarrek: kadeteetan 22-19 galdu; jubeniletan 22-6 galdu; eta nagusietan 22-17 irabazita. Kadete mailan jokatu zuten partidurik gogorrena, joan den astean bezala, eta donostiarrak nagusitu ziren 22-19. Aizpitarte eta Lizeaga kontzentratuta atera ziren kantxara eta partidu ona egin zuten, baina irabazi donostiarrak egin zuten, izugarri berdindua izan zen partiduan. Hortik aurrera miraria behar zuten hernaniarrek, eta saiatu ziren arren, ez zuten lortu. Jubeniletan, donostiarrek nabarmen irabazi zuten, 22-6. Donostiarren atzelariak, Arzelusek, joku puntu oso ona erakutsi du bi partiduetan, eta atzo ere erabat nagusitu zen, aurten momentu onenean ez dauden Arrieta eta Otaegiren kontra. Nagusietan, berriz, Esnalek eta Gorrotxategik joanekoan baino indar gehiago azaldu zuten, eta irabazi egin zuten, 22-17. Esnalek partidu polita jokatu zuen, eta Gorrotxategik ere lan ona egin zuen atzeko koadroetan Donostiako atzelariari eusten.

Donostia finalera
Donostia beraz, aurtengo Herri Arteko Txapelketako finalera pasako da, eta aurkaria Ataun edo Azpeitia izango du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!