Peru Alfaro lehen postuaren bila aterako da bihar Donostian

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 14a, 02:00

Donostian bertan 5garren egin zuen orain bi aste eta lehengo astean 4garren Ondarroan. Denboraldi hasiera dotorea daramaki.

Peru Alfaro triatleta hernaniarrak indartsu hasi du denboraldia, eta lehen bi probatan 5garren eta 6garren bukatu du, sentsazio onarekin, «uste nuena baino hobeto» Kronikari esan dionez. Bihar Donostian izango da «esprint» moduko proban: 750 metro igeri, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. Orain arteko bi probak olinpikoak ziren (1.500 metro igeri, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika), eta biharkoa oraindik eta hobeto dijoakio hernaniarrari, ´esplosiboa delako`. Bera ere saiatuko da irabazi edo goiko posturen batean sartzen, baina lehen postu horretarako harri gogor bat izango du, Ondarroan irabazi zuen Jaimie Rhodes australiarra. Ikustera animatzen denak, bihar igandea, Ondarretan du zita, Tenis parean, goizeko 10:00etan.

Helburua Espainiako txapelketa

Denboraldirako jarri dituen helburu nagusien inguruan galdetu dio Kronikak hernaniarrari, eta Espainiako txapelketa du bat, irailean. Horrez gain, Europako Kopa batera joateko aukera ere izango du Alfarok. Horrez gain, Europako Txapelketak ere aurten dira 23 urtez azpikoetan, Almerian, eta Espainiako Txapelketan saiatuko da sailkatzen. Bestalde, gaur ere bada triatloi proba bat Zarautzen, «doble olinpikoa»: 3.000 metro igeri, 80 kilometro bizikletan eta 20 kilometro korrika. Oraingoz, ez ditu hain proba luzeak egiten Peru Alfarok berak, baina Hernaniko gainerako atletak bertan izango dira. Irteera, gaur Getariatik, 14:45etan emakumezkoak, eta 15:00etan, gizonezkoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!