«Herriak asko maite duen kontzertua da, eta publikoa eta gure artean sortzen den harremanean nabaritu egiten da»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 14a, 02:00

MUSIKA Eskolako abesbatzetako zuzendaria Garbiñe Orbegozo, Kantuz abesbatzako zuzendaria Igor Arroyo, Txistulari Bandako zuzendaria Patxi Apezetxea, Musika Bandako zuzendaria Zipri Otxandorena, Ttarla dantza taldeko zuzendaria Nagore Arraras eta muntaia osoko zuzendari artistikoa Ruth Martin aritzen dira, besteak beste, San Joanetako Iragarpen kontzertua prestatzen. Horiekin batera, Udaleko Kultur Zinegotzia Idurre Lucas ere beraiekin elkartzen da, eta tarteka beste partehartzaile batzuk ere joaten dira bileratara. Hasierako bileren ondoren prestaketa lanak datoz, eta azkenik, entsaio orokorrak. Entsaio orokor horietako baten ondoren taula gaineko prestakuntzaren inguruan eztabaidan aritu dira Zipri, Garbiñe eta Patxi.

Gauza guztietarako ados jartzeak lan zaila dirudi, ezta?
Beno (barrez), talde asko gara eta zaila izaten da beti guztiak ados jartzea. Baina nola edo ahala moldatzen gara azkenean.

Emanaldiaren beraren edukia aukeratzeko zailtasunak izaten dituzue?
Urria inguruan biltzen hasten gara eta orduan erabakitzen dugu gutxi gora-behera kontzertuaren nondik norakoa. Programa osoa antolatzea lanik zailenetarikoa izaten da. Guztia finkatu arte, bospasei bilera segidan egiten ditugu. Nork bere proposamena ekartzen du eta guztien artean erabakitzen dugu. Baina hala ere, programa finkatzeak ez du esan nahi lana bukatu denik. Orduan talde bakoitzari zer entsaiatu erakutsi behar zaio, guztien artean koordinatuta aritu behar dugu... Gainera, batzuetan, honengatik edo besteagatik, baina aurreikusitako piezaren bat edo beste aldatu behar izaten da. Berriro ere lan berria egiteak lan gehiago ematen digu.

Gainera, programari ardatz bat ematen saiatu izan zarete, eta horrek ere buruhauste bat baino gehiago ekarriko zizuen noski!
Azken urte hauetako Preludioetan ez dugu ardatz garbi eta bakar bat izan. Oso zaila da hori. Joxean Goikoetxea zuzendari orokor gisa lanean aritu zenean egin zituen hainbat lan, ardatz finko bat izan zutenak: Argentinaren ingurukoa, edota Prestichek ekarritako hondamendia zela eta, Galiziari eskainitakoa... Beste batzuetan berriz, urteurrenak aprobetxatzen ditugu horretarako. Lehengo urtean adibidez, Fredy Mercuryren heriotzaren urteurrena zela eta, bere abesti bat jo genuen, eta Santa Barbara elkartea ere omendu genuen. Baina gaur egun jada ez dugu programa osoari lotura ematen dion ardatzik asmatzen. Azkenean Ruth izaten da prestatutako gidoiarekin guztiari zentzua ematea lortzen duena.

Burmuin-estutze horren ondoren izerdia botatzen hasteko garaia ere iristen da...
Bai, baina orain ez da hasierako urteetan bezain neketsua izaten! Egia da entsaioak antolatu egin behar direla, denon artean ondo koordinatu eta gauzak adostuta aritu behar dugula, eta jende asko izateak zailtasun pixka bat ere baduela. Baina gaur egun askoz ere hobeto antolatzen gara. Talde asko bagara ere, bakoitzak emanaldiaren bere zatia ikasi eta entsaiatzen du lehenengo, eta ondoren, pixkanaka beste taldeekin batera probatzen hasten da. Abesbatza bakoitzak berea ikasi eta geroxeago, denak elkartzen dira instrumentu laguntzailearekin batera. Musika Bandak ere bere kabuz ikasten ditu abestiak, eta Txistulari Bandak ere bere aldetik egiten du, baina gero elkartu egiten dira. Azkenean, Iragarpen Kontzertua baino hiru aste lehenago guztiak elkartzen hasten gara eta hiru entsaio orokor egiten dira. Hasierako urteetan entsaio horiek hiru ordu baino gehiago irauten zuten! Gaur egun berriz, guztia hobeto ikasia eta landua ematen du bakoitzak, eta normalean, lehenago amaitzen dugu entsaioa.

Ez da lan makala gero, egiten duzuena! Azkenean kontzertua eskaini ahal izateak merezi du egindako lana, ezta?
Noski baietz! Horixe izaten da gauzarik ederrena! Arazoak edota buruhausteak izan badaitezke ere, azkenean, emanaldia aurrera ateratzen da, eta denak kutsu euforiko handi batekin bizitzen dugu gau hori. Gainera, San Joanetako Iragarpen kontzertua oso berezia eta maitatua da hernaniarren artean. Horrek asko laguntzen du, musikagileon eta publikoaren artean harreman berezi bat sortzen baita, eta eskertzekoa da.

Lehengo urteko edizioan ordea, publikoaren zati txiki bat izan bazen ere, emanaldiak magia pixka bat galdu ez ote zuen aipatu zen, Atsegindegi tartean sartu zela eta...
Ai! (Hasperen egiten dute guztiek). Kontu delikatua da hori! Toki batean edo bestean egiten bada ere, azkenean, bai publikoak eta baita partehartzaileok ere gozatu egiten dugu. Egia da Hernaniko Plazak, argien dizdirarekin eta Udaletxeko eta Elizako aurrealdea eszenatoki dituela, magia handia duela. Baina Atsegindegiko aterpe hori eraiki aurretik, eguraldi txarra eginez gero Iragarpen Kontzertua bertan behera utzi beste erremediorik ez zen izaten. Partehartzaileon artean ere oso iritzi kontrajarriak izaten ditugu. Jendeak Plazako magia eta Atsegindegi konparatzen ditu, eta konparazio okerra da. Azken batean, kontzertua egitea edo ez egitea dago jokoan. Batzuk berriz, nahiago izaten dute suspenditzea, edota egunez aldatzea. Baina jende askok hartzen dugu parte, eta oso zaila da guztiak mugiaraztea eta beste egun bat adostea. Azkeneko entsegu orokorrean eguraldiaren parteari kasu eginda erabaki bat hartzen dugu. Eguraldi txarra badugu, Atsegindegin egitea erabakitzen da eta kitto. Honek ere baditu alde txarrak. Izan ere, erabakia azken momentura arte hartzen ez dugunez, bi tokiak aurreikusi eta prestaketa tekniko guztiak bi aldiz egin behar izaten dira. Baina orokorrean uste dugu horrenbeste lan egin ondoren kontzertua bertan behera uzteak ez duela merezi.

Ez noski. Batean edo bestean eginda ere, ziur azkenean hernaniarrok liluraturik utziko gaituzuela... Aurtengo emanaldiak izango du berezitasunen bat?
Egia esan, gitarra elektrikoak presentzia berezia izango duela esan dezakegu. David Soriazuk eta Xanet Arozenak lagunduko digute beren gitarrekin. Lehen esan dugun bezala, urteurrenak aprobetxatzen saiatzen gara, eta Deep Purple talde handiak 40 urte bete ditu jada. Garai hartan punteroak ziren. Gitarra elektrikoari gogoz ekiten zioten, eta horixe egingo dugu guk ere. Eta gure artean oso ezaguna den abesti bati emandako ukitu bereziak bat baino gehiago harrituko du!.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!