Boxeoa eta Kick Boxinga gustoko dutenek datorren larunbatean galdu ezinezko zita dute, arratsaldeko 18:00etan, Hernaniko kiroldegian. Gipuzkoako borrokariak ariko dira alde batetik, eta Nafarroa eta Iparraldekoak bestetik. San Joan jaien barruan izango da ikuskizuna, azken urteetako ohiturari jarraituz.
Kuraia eta Paco Bueno
Hernanira Gipuzkoa ordezkatuz etorriko diren kick boxing borrokariak Donostiako Kuraia gimnasiokoak dira, eta boxeo borrokariak Errenteriako Paco Bueno gimnasiokoak. Iparraldekoak, berriz, Aviron Bayonnais-etik datoz eta Nafarrak Kankutik. Tartean bada Hernanirekin harreman estua duen kick boxing borrokari bat ere, Hodei Mitxelena, Euskal Herriko txapelduna. Andoaindarrak Hernaniko Errugbi taldean jokatu du urte askoan eta kick boxingean hasi zen orain bi urte. Aurten Euskal Herriko Txapelketa irabazi du eta Espainiako Txapelketa jokatzen ari da momentu honetan. Berekin batean Gipuzkoatik ariko direnak dira Yuri, Niko, Azurmendi eta Roko.
Bosgarren urtea
Badira bost urte Hernanin boxeo konbateak antolatzen hasi zirela, San Joan jaien barruan. Garai batean afizio haundiagoa zegoen eta konbate gehiago egiten ziren, baina urte askoan ez zen antolatu, Manu Carrasco, Alfonso Zamorita eta Borja Mendiorozek berriz ekin zioten arte. Aurtengo antolatzaile ere berak dira, Kuraia kick boxing gimnasioa eta Paco Bueno boxeo gimnasioarekin batean. Horrez gain, Gipuzkoako Federazioa, Euskadiko Federazioa eta Hernaniko Udal Kirol Patronatuaren laguntza jaso dute eta laguntzaile zerrenda luzea ere badute, Hernaniko taberna, komertzio eta enpresa gehienak. Antolatzaileek laguntza guzti hori azpimarratu dute eta eskerrak eman nahi izan dizkiete guztiei. Sarrerak salgai Boxeo eta kick boxing jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko zenbait puntutan. Hernanin, Zumitza tabernan. Prezioak ondokoak dira: lehen hiru iladetan, 15 euro; 4garren iladatik atzera, 12 euro; eta sarrera orokorra, 10 euro.