«Lehen zikiro jatea ere egiten genuen; lau bat zikiro akabatzen genituen okasiorako»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 14a, 02:00

Kronika:Bertan jaioa zara?
Pili: Bai, gure ama ere hemen jaioa da. Gure birramonak, Manuela Elizondok, ireki zuen jatetxea 1905ean. Gero amonak jarraitu zuen: Bernarda Minerrek; gero gure amak, Pepita Iraolak, eta orain nik. 4garren generazioa gara eta denak emakumeak.
Urte asko al dira hemen festa egiten dela?
Pili: Gure amak 79 urte ditu eta beti ezagutu du hemen festa; beti San Antonio bigarrenean. Beno larunbata edo tokatzen bazen, aldatzen zuten. Normalean egiten zen hemen eguerdian eta arratsaldean Ugaldetxon. Baina guk ezagutu dugu hemen musika. Bolatokia ere baduzue?
Pili: Bai, bolatokia dugu eta toka ere badago. Bolatokiak lan haundia ematen digu; etxe atarian dago, baina ez oso-osoa. Ondoko etxeko pasoa kendu behar izaten dugu. Anaia, osabak, ilobak eta organizazioko norbait etortzen dira urtero propio hori egitera, ranpa altxatzera. Oso-oso ondo egin behar da, bola xuxen-xuxen joateko, bestela ez du balio.
Lehen zer egiten zen?
Pili: Bola, toka, bertsolariak, eta gauean soinua ere izaten zen batzuetan, Ramon Itsua, Ramon Amenabar donostiarra, eta noizean behin Tarragona izeneko soinujolea ere etortzen zen. Festa haundia izaten zen. Gau guztia soinujolearen ondoan pasatzen nuen, eserita. Nik San Antonio beti erlazionatzen dut marrubi kajekin. Orduan ez baitzen marrubi asko jaten eta lujua zen. Bertsolariak ere izaten ziren, barriokoak, nahiko onak, plazan aritzen ez zirenak. Edozein igande eguerditan eta osatuko ziren, kartetan ibili eta ondoren bertsotan. Lehen, orain dela 20 urte edo gehiago, ardizar jatea ere egiten genuen, zikiro jatea. Jendea izaten zen, baina kristoren lana zen; lau bat zikiro akabatzen genituen okasiorako.
Konturik gogoratzen?
Pili: Nik rekuerdoa daukat, bertsotako giroa, igandetan nola juntatzen ziren beren artean, bertsotan; ni grabatzen eta aritzen nintzen; zintak galdu egin zitzaizkidan.
Zein bertsolari ziren?
Pili: Juanito Altxo; aita-semeak ere baziren, Joxe Migel eta Joxe Manuel; Martin Otxotorena; aurrerago Lexoti; amak ezagutu zuen Txirrita...
Pepita: Bertsoak ere bota zizkidan. Txirritak urtero hemen bazkaltzen zuen San Antonio egunean. Gogoratzen naiz aiton lodia zela, fotografietan bezalakoxea.
Orduko parrandak oraingoak bezalakoak al ziren?

Pepita: Beste estiloko juerga izaten zen. Gantzontzilotan jarri eta zeinek egin lehenago ez dakit nora joan-etorria...
Sanoagoak?
Pepita: Desberdinak. Orduan ere edaten zen. Ardoa, sagardoa eta zerbeza edaten zen. Ez zen ez kalimotxo, ez horrelako konbinaziorik.
Jendea etortzen al da?
Pili: Bai. Hernanitik joera handia dago. Bola eta toka ikustera etortzen dira asko.
Urtero etortzen denik?
Pili: Bai. Urtero normalean fijoak etortzen dira bazkaltzera eta eskertzen da, egia esan; asko edadeko jendea izaten da, ezagunak, eta poza ematen du. Eskerrak eman nahi dizkiegu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!