Ur parkea datorren ostiralean irekiko dute

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 14a, 02:00

Ur Parkea ekainaren 20an irekiko dute, ostiralean. Berez, ekainaren 9an zuten irekitzekoa, baina atzeratu egin da. Kirol Patronatutik Kronikari azpimarratu diotenez, igerilekua egokitzeko egin beharreko lanek atzeratu dute irekiera: sarrerako paretean baldosak jarri, aldagelako ateeran sabaia berritu, eskailerak berdindu eta txukundu, igerileku ingurua txukundu, baldosa arteko tartea ondo jarri, belardia txukundu eta ur bero sanitarioa lejionelari aurre egiteko araudira egokitu. Obrak guztira 30.000 euro kosta dira. Izaskun Txintxurreta Patronatuko lehendakariak jakitera eman duenez, ireki ahal izateko «gutxieneko obrak» egin dituzte, ur parkea egoki jartzeak 200.000 euroko aurrekontua baitu. Azpimarratu du ikusi beharko dela ur parkea nola egokitzen joan datozen urteetarako. Bestalde, igerileku bueltan ez labaintzeko tratamentuak 2 urterako iraupena zuen, eta hurrengo urtean ikusi egin beharko da beste tratamendu bat eman edo zer egin.

Ordutegia, egunak eta tarifak
Ostiralean 15:30etatik 20:30ak arte izango da irekita eta larunbatetik aurrera, irailaren 15era arte, 11:00etatik 20:30ak arte. Kiroldegiko bazkideek bonoak izango dituzte: familiarena 62 euro; helduena 41 eta adin txikikoena 27. Kiroldegiko bazkide ez direnek ere bonoa hartu dezakete: familiarena 123; helduena 81 eta adin txikikoena 50. Eguneko sarrera, bazkide izan edo ez, honakoa da: 3 urtetik beherakoek 2,10; 3-18 urte bitartekoek 4,30 eta helduek 6,30.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!