Kultur jardueretarako diru laguntzak emateko oinarri berriak onartu dira

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 13a, 02:00

Diru laguntza hauek 2008ko kultur jardueretan aplikatuko dira. Auzo elkarteetako jaientzako diru laguntzak eztabaidatzeko daude oraindik.

kultur jardueretako diru laguntzak emateko oinarri berriak onartu ziren asteartean Gobernu batzarrean. Diru laguntza berrietan, batez ere, diru laguntzak emateko irizpideetan izan dira aldaketak, eta baita aurreratuko den diru kopuruan eta erabilitako diruaren zuriketan ere. Horrez gain, puntu bat aldatu da ekintzak iragartzeko publizitateari dagokiona, lehen «Kultur Delegazioarekin lotuta ez zeuden jardun eremuaz aparteko lelo edo adierazpenak» agertzen baziren diru laguntza bertan behera gera zitekeen.

2008 eskaeretan aplikatu

Oinarri hauek 2008an eskatutako kultur jardueretako diru laguntzei aplikatu zaizkie. Auzo elkarteetako jaiei dagokionean, Zerbitzu publikoen alorretik bideratuko dira diru laguntzak, ez Euskara eta Kultura alorretik. Auzoko jaietako diru laguntza oinarri berriak ere ari dira eztabaidatzen eta uztaila hasieran egingo du Gobernu taldeak oinarri berrien proposamena. Aurreratu dutenez, aldaketa kulturako diru laguntza berrien bidetik joango litzateke.

Araua nola zegoen

  • 8. puntua: Irizpide sistema bat zegoen diru laguntza emateko, 100 puntu artekoa. Balorazioan 50
    punturen azpitik geratzen ziren elkarteek ez zuten diru
    laguntzarik jasotzen.
  • 9. puntua: diru laguntzaren %60 ematea onartzen denean eta gainerako %40 hainbat agiri aurkeztu ondoren.
  • 12. puntua:  oinarrietan edo dirulaguntzak emateko bete beharren bat ez balitz beteko bertan behera geratuko litzateke diru laguntza. Antolatutako ekintzen publizitatean edo ekintzetan Kultura Delegazioari dagokion jardun-eremuaz aparteko lelo, adierazpen, ekimen edo bestelakorik agertuko balitz, diru laguntza berriro aztertuko litzateke, eta egoki balitz bertan behera geratuko litzateke, edo itzularaziko litzaioke jasotzaileari.

Arau berriko aldaketak

  • 8. puntua: aurrekontuaren %50
    ziurtatuko da, eta portzentajea %65 arte igo daiteke, zenbait irizpide kontuan hartuta.
  • 9. puntua: diru laguntzaren %80 emango da onartzen denean eta gainerako %20 hainbat agiri aurkeztu ondoren. Zuriketari dagokionean, aurkeztutako aurrekontuaren %80 zuritu beharko dute. 100 euro arteko gastuak ´funtzionamendu gastu` bezala justifikatu daitezke.
  • 12. puntua: oinarrietan edo diru laguntzak emateko bete beharren bat ez balitz beteko bertan behera geratuko litzateke diru laguntza, edo itzuli egin beharko litzateke.
  • 14. puntua: (berria) araudia urtero berrikusiko da.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!