HERNANIKO alkateak, Marian Beitialarrangoitiak eskatu du Pana parkean, skate pista dagoen horretan, zegoen eskultura berriro ere jartzeko. Eskultura, Ertzaintzak kendu zuen joan den ekainaren 4an, goizaldean, Aristimuñoren izena agertzen zen beste hainbat plakekin batean. Plakak eta eskultura kendu zituzten Grande Marlaska epaileak emandako agindua beteta.
Frogagiriak
Alkateak hainbat dokumentu aurkeztu ditu, frogatzeko, eskultura honek ez duela zer ikusirik Jose Manuel Aristimuño Pana-rekin, eta hortaz ezin daitekeela ulertu «terrorismoaren biktimen mezpretxu» bezala, ez delako Jose Manuel Aristimuño gogoratzeko eskultura bat. Izan ere, eskultura 1987an Kultura Batzordeak sustatu zuen Eskulturgintza plana-ren haritik dator, herriko gune ezberdinak apaintzea helburu zuena. Ekimen honen bidez hernaniarrek egindako eskultura ezberdinak jarri ziren herrian barrena, tartean Txema Kalerok egindako hau. Dokumentuetan azaltzen denez, eskultoreek berek aukeratu zuten eskultura non kokatu.