«Trikitixa dantzatu nahi duen jendea etortzen da Ugaldetxora»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 12a, 02:00

Ugaldetxoko erromeria aspaldikoa da, ezta?
Maixabel: Garai batean Benta Berrin eta, hemen eta, musika izaten zen, orduan jende asko ibiltzen zen...

Urte asko al dira hemen festa egiten dela?
Bixente: Beti ezagutu dut nik hemen festa, nire denbora guztian. Lehen beti San Antonio bigarrenean izaten zen, gero aldatu egin zuten. Orduan etortzen ziren Ereñotzutik karroza batekin, eta Tarragona karrozan soinua joaz. Hantxe etortzen ginen galtza milrayas jantzita, pesiglas gerrian... dotore-dotore.

Pesiglas? Zer da hori?
B: Garai hartako zinturoia, sintetikoa edo. Modan zegoen. Dotore ginelakoan...

Lehen zer egiten zen festetan?
M: Orain bezala: bola, toka, pelota partiduak, musika... B: Juerga sanoagoa izaten zen. Denbora batean, orain komedorea dagoen horretan pentsua eta egoten ziren. Orduan mandazain asko izaten zen, ikuilua ere ez zen urruti... Bizikleta karrerak ere egiten ziren. Festarik haundiena Luis Gorrotxategik jartzen zuen; motoari erremolkea eransten zion eta norbaitek mina hartzen bazuen bizikletan, karroan sartzen zuen, dena merkrominaz bete eta hantxe eramaten zuen...

Aurten ere ´Kupela´ taldearekin izango da erromeria. Urte asko dira etortzen direla, ezta?
M: Bai. Lehen Tapia, Martin soinujotzailea, Goizuetako soinujotzaile bat eta etorri izan dira. Kamioia jartzen genuen zubian eta kamioiaren barrenean aritzen ziren musikariak, tresnak behintzat ez bustitzeko. Azkeneko urteetan Kupelakoak etorri dira.

Jende asko biltzen da?
B: Lehen bai, Goizuetatik, Aranotik... etortzen ziren. Garai batean egiten zen, San Antonio bigarrenean Irubidietan, goizetik, eta arratsaldean hemen. M: Batzuk kejatu egin dira, San Antonio bigarrena larunbata delako eta aldatu egin delako. Normala da aldatzea baina ostegunean, gehiago kostatzen da. Zein jende mota etortzen da? M: Trikitixa dantzatu nahi duen jendea etortzen da. Urteroko Orioko emakume koadrila bat etortzen da, Aranoko jendea, denbora bateko matrimonioak, auzokoak... Orain jende gutxiago etortzen da, jende gutxiago bizi delako bailaran...

Afaldu aurretik eta ondoren ariko dira, ezta?
M: Bai. Ordubiak arte edo. B: Garai batean gauerdian aguazilak etortzen ziren itxi egin behar zela eta esanez, ixteko ordua zegoela. Eta zer egiten zuten? Ixteko ordua zegoen bai, baina irekitzeko ordurik ez zegoen, eta itxi eta instanterako ireki egiten zuten.

Zein eguraldi espero duzue?
B: Lehen ere San Antonio hezea zen; gehienetan euria izaten zen eta orain ere bai.

Gaurko egitaraua
15:00 Txirrita eskolako umeen antzerkia eskolan
17:30: Pelota partiduak Ugaldetxon
19:00 Toka txapelketa Ugaldetxon
20:00 ‘Kupela’ taldearekin erromeria Ugaldetxon

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!