«Gasoleoaren kostua igo bada, porteen prezioa ere igotzeko eskatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 12a, 02:00

Nondik nora hasi da garraiolarien greba?
Fenadismer patronalak egin zuen grebarako deialdia, Madril eta inguruko garraio enpresa da, Estatuko garraiolarien %20 izango da Fenadismerren. Horren atzetik beste denak egin dugu greba. Aspalditik bazegoen zurrumurrua greba hasiko zela, baldintza hauetan ezin da jarraitu eta noizbait gelditu behar zen.

Zu Hiru sindikatuan zabiltza, eta greba deialdia zuen aldetik egin duzue.
Bai, ez dugu bat egin greba deialdia egin zutenekin, guk gure aldetik egin dugu greba. Izan ere, horiek, garraio enpresariek gehien bat, beren aldetik negoziatzen dute, beren interesen alde. Beren interesak lortzen dituztenean greba uzten dute. Txoferrak kontratatzen dituzte lau peztaren truke, eta ikusten dutenean negoziatutakoarekin moldatzen direla, ba kitto. Gu, garraiolari autonomoak, oso urruti gaude hortik, ez daukagu horrekin konpetitzerik.

Zein da zuen aldarrikapen nagusia?
Gure aldarrikapen nagusia da, gasoleoaren kostuak ezin duela izan fakturaren %33a baino gehiago. Kopuru hori jarri da, kopuru hori delako negozioak funtzionatzeko minimoa. Orain fakturaren erdia baino gehiago hartzen du gasoleoak. Gasoleoa igotzen bada prezioak igo egin beharko dira, hirinaren prezioa igotzen bada ogiaren prezioa igotzen den bezala. Eskatzen dugu porteen prezioa igotzea, legez. Hala ere, ez digute horretarako aukera haundirik ematen, enpresa haudiekin, lehen esan bezala, ez dugu lehiatzerik. Lehengoan entzun nuen, Budapestetik zetorren txofer bat gelditu zutela, 24 ordu zeramazkien jarraian gidatzen, legala denaren bikoitza zeramakien gizon horrek konduzitzen. Pena omen zuen etxetik 20 kilometrotara piketeek gelditu zutelako. Hori piketeek ez, poliziak gelditu behar zuten. Eta baldintza horietan langile ugari dago. Normalean enpresa haundiek dituzte langileak baldintza horietan. Nik uste dut Estatuak eskua sartu beharko lukeela hor, baino ez zaio komeni, garraioaren prezioa igotzen bada, inflazioak ere gora egingo duelako.

Zenbat gastatzen duzu gasoleoan?
Hilabetean 3.500 litro gasoleo behar izaten ditut, eta oraingo prezioan, 4.200 euro gastatzen ditut hilero gasoleoan. Abenduan depositoa betetzea 750 euro gutxiago kostatzen zitzaidan. Etxera eraman behar dudan dirua gasolinetan gastatzen dut.

Negoziazioetan hasi omen dira, Estatuak hainbat zerga jaitsi eta BEZa itzultzea bezalako neurriak proposatu ditu. Zer iritzi duzu?
Zergak kentzea ezinezkoa da. Europa mailan ari dira eskatzen Espainian zergak igotzeko, Europaren parean egoteko, oraindik ere zerga gutxi ordaintzen dela-eta. Beraz, orain jeitsiko dutela esatea alperrik da.

Zenbait enpresetan produkzioa gelditu omen da, eta janak eta gasolinak ez omen dira iristen.
Guk ez dugu jendea gasolina eta jakirik gabe utzi nahi. Guk ez ditugu herritarren eskubideak murriztu nahi, guk lanari utzi diogu horrela ezin dugulako jarraitu.

---------------------------------------------------------------------------------

Barazkiak, frutak, haragia eta arrainak faltatzen hasiak dira
Garraiolarien greba dela eta zenbait produktuen gabezia somatzen hasi da Hernaniko supermerkatu haundietan. Azaldu zutenez, zenbaitetan haragirik eta arrairik ez dago eta berdurarik eta frutarik apenas gelditzen da. Esnea ere gutxi geratzen da. Hernaniko denda txikietan aldiz egoera hobea da, furgoneta txikiekin dabiltzalako edo produktu freskoak gertuagotik ekartzen dituztelako. Bestalde, Karabelgo gasolindegira gasolina ekartzen ari dira egun hauetan. Depositoak erabat betetzen  ari dira, zisternek iristeko mediorik izango ez balute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!