Gobernu taldeak bilera deitu du astelehenerako, herritarren beharrak asetzen ari diren jakiteko

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 11a, 02:00

DATORREN astelehenerako hitzordua egin du Gobernu taldeak herritarrekin bilera baterako. Egun horretan egingo da urtebete Marian Beitialarrangoitiak Alkate kargua hartu zuenetik eta orain arte egindako lanaz eta herritarren iritzia jasotzeko bilera deitu du. Hitzordua, ekainaren 16an jarri dute, udaletxeko areto nagusian, arratsaldeko 20:00etan.

«Egindakoaz hausnartu eta erronkak zehaztu»
Gobenu taldeak azaldu duenez, urtebete honetan «ahalegina egin dugu herritarrengandik gertu izateko eta egiten genuenaren berri emateko; eta herritarren beharrak ezagutuz, hauek asetzen saiatu gara». Gobernu taldeak herritarrak animatu nahi ditu galderak egitera, iritziak ematera eta kezkak azaltzera, «guretzat garrantzitsua da, Hernanirentzat lan egitea, baina baita aldi berean hernaniarren beharrak eta desioak asetzen ari ote garen jakitea».

Iritziak eta eskariak aurkezteko bide ezberdinak
Horrez gain, eskariak eta iritziak aurkezteko bide ezberdinak azaldu ditu Gobernu taldeak, eta aipatu du asteleheneko bilera guzti honen osagarria izango dela. Batetik, www.hernani.net web orrian gune berezia jarri dute eskariak bideratzeko, bestetik, udaletxeko sarreran ere aurkeztu daitezke. Azkenik, astelehenean bertan aurkeztu daitezke eskariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!