Duela urte batzuk San Joan Konpartsak lepoko berdea egin zuen festetarako. Geroztik herriko Udal Artxiboari gai honen inguruko txosten bat eskatu zion; baita hauek egin ere. Txostenari kasu egin eta San Joan Konpartsak zapi berria atera du. Oraingoak, lehengoak bezalaxe, Hernaniko bandera du ardatz, baina kolorea erabat aldatuko da, izan ere, oraingoa txuria eta arrosa da.
Zertzeladak
Orduan ere Hernaniko banderaren eta armarriaren inguruko galdera asko sortu ziren, oraindik bere horretan jarraitzen dutenak: noizkoa den, zer esan nahi duen eta abar. Hori dela eta, San Joan Konpartsak ate ezberdinak jo ditu erantzunen bila: orain arte jasotako datuak, vexilologia (banderen gaineko ikerketa), herriari buruzko ikerketak eta abar. Hala ere, argi utzi dute ez dutela azalpen borobilik eta behin-betikorik topatu, baina bai, ordea, zertzeladak. Lortutako informazioak lehendik jasotakoa osatzeko balioko duela azpimarratu dute Konpartsako kideek. Jasotako informazioarekin txosten txukun bat egin dute, lehenegoa osatu eta zenbait kontu zuzentzeko.
Bilakaera historikoa
Txostenaren sarreran bandera eta armarrien nondik norako orokorrak azaltzen dira: zertarako sortu ziren, zer esan nahi zuten eta abar. Pixkanaka gaia herrira ekarri eta Hernaniko banderaren eta armarriaren gaineko zertzeladak biltzen dira, agiri zaharretan aurkitutakoak. Bueltaka-bueltaka, txostenean dio gaur egunera arte iritsi den Hernaniko bandera txuria dela eta Borgoñakoa esaten zaion gurutzea duela, arrosa edo malba kolorekoa.
Gorria edo arrosa
Kuestioa da Borgoñako bandera bezala ezagutzen dena gorri kolorekoa izan dela historikoki eta bazter guztietan. Ez ordea, Hernaniko banderan, Hernanikoan arrosa edo malba kolorekoa baita. Galdera aidean utzi dute txostengileek. Bi argumentu daude zalantza sendotzen dutenak; batetik, txostenean dio kolorea bandera baten ezaugarri garrantzitsuenetakoa eta berezienetakoa dela, beraz, ez nolanahi aldatzeko modukoa. Bestetik, koloreen errepresentazio kromatikoa, bere aldaera argi-ilunekin kontaezina dela, beraz, zaila dela zehaztea zergatik erabiltzen den tonalitate bat edo beste.
Lehen berdea, orain txuri-arrosa
San Joan Konpartsak armarriaren garai bateko koloreak berreskuratzeko saiakera egin nahi du. Hori dela eta, zapi berriak egin ditu, txuri-arrosak. Lehengo zapia berdea zen, ez inolako arrazoi historikoengatik, baizik eta CD Hernaniko kolorea delako eta erreferente garrantzitsua izan delako.
Gaurtik aurrera salgai
Konpartsak eskerrak eman nahi izan dizkio Udal Artxiboari, bereziki Txusori, egindako lanarengatik. Gaurtik aurrera izango dira salgai, 3 euroan beti bezala, tabernetan eta Kale Nagusian jarriko duten postuan.