Udaran turismo bulegoa irekiko da bisitarientzat

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 11a, 02:00

HERNANIKO udalak turismo informazio gune edo bulego bat ireki nahi du uztaila eta abuztuan, garai horretan herrira gerturatzen diren bisitariei zuzendua. Bertan herriari buruzko informazioa zabalduko litzateke, eta bisitatzeko interesgarriak izan daitezkeen tokien berri jaso ahal izango da bertan, besteak beste. Bulegoa Atsegindegi eta kiroldegi artean jarriko lukete. Asmoa da kaseta moduko bat jartzea udako bi hilabete horietan. Herrian barrena seinaleak jarriko dira bisitariek bulegoa bera non dagoen jakiteko. Informazio bulegoa froga moduan jarriko dute aurten eta ondo funtzionatzen badu, zerbitzua urteko beste garai batzuetara zabaltzea aurreikusi dute.

Bulegoan praktikak egiteko aukera
Honekin lotuta, Udalak bulego horretan praktika aldia egiteko aukera eman nahi dio turismo ikasketak egiten ari den ikasle bati. Interesatuek Hernaniko Udalera jo behar dute, sarrerako erregistrora eta bertan izena eman. Izena emateko epea ekainaren 17an bukatuko da, eguerdiko 13:00etan. Euskara jakitea ezinbestekoa da. Informazio gehiagorako telefono honetara deitu daiteke: 943 33 70 28.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!