OSIÑAGAKO jaietan sekula baino jende gehiago bildu da aurtengoan, eta auzotarrak oso pozik daude festak antolatzen hartutako lanak bere emaitzak eman dituelako. Jaiak larunbat eta igande izan dira, eta jende kopuruari erreparatuta, larunbat arratsaldean bildu zen jende gehiena, abere demaren bueltan. Larunbat arratsaldeko bakailo eta sagardo probaketak ere izan zuen arrakasta, 25 kilo bakailo jarri baitzituzten eta denak bukatu ziren. Igandean gehien bat, auzotarrak bildu ziren. Bazkarian 80 bat lagun bildu ziren, ondoren auzotarren arteko herri kirol saioa eta Xapre-rekin dantzaldia izan zuten. Zein gustora ibili diren eta bildu den jendea ikusita datorren urtean berriro ere jaiak antolatzeko gogoz daude.