AZKEN urteetako bideari jarraituta, aurten ere udako solstizioaren inguruko ospakizuna izango da Chillida Leku museoan. Ekainaren 17an izango da ospakizuna, datorren asteartean, eta aurtengoan ere emanaldi ikusgarriak antolatu dituzte museoan, tradizioa eta berrikuntzak uztartuta. Herritarrei lana errazte aldera egun horretan museoan sartu ahal izateko sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko Biteri kultur etxean, 5 euroren truke. Sarrerak, goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara erosi ahal izango dira. Egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, museoko atarian, 10 euroren truke.
Musika, dantza, perkusioa eta piroteknia
Solstizioaren inguruko ospakizuna gaueko 21:00etan hasiko da, eguzkia gordetzen hasterekin batera. Iñaxio Tolosa musikariaren eta Alaitz Ormazabal abeslariaren saioa izango da lehendabizi. Jarraian, Aukeran Dantza taldearen emanaldia izango da, euskal dantzak eta dantza garaikidea nahasten dituena. Toom Pak perkusio taldeak emango dio jarraipena ikuskizunari, eta jaialdiari ginda Astondoa pirotekniaren su artifizialek jarriko diote, eguzkia erabat gordeta dagoenean.