Aizpitarte ii eta Lizeagak kadete mailako partidua 22-12 irabazita, bazirudien Hernanik Donostia menpean hartzeko aukera izango zuela, baina donostiarrek irabazi zituzten hurrengo bi partiduak eta kanporaketari buelta eman zioten. Jubenil mailan, Arrieta-Otaegi ez daude momenturik onenean eta hori aprobetxatu zuen Donostiako bikote indartsuak 22-5 irabazteko. Nagusi mailan, partidu erdira arte oso berdindua izan zen norgehiagoka, baina bigarren zatian Baez anaiak gehiago izan ziren Esnal-Gorrotxategi baino, eta 22-11 irabazi zuten.
Hiru garaipenen bila
Finalerako txartela zail jarri zaio Hernaniri, baina ezinezkoa ez da. Hiru partiduak irabazi beharko lituzkete: kadete eta nagusietan ikusi da gerta litekeela, eta jubenil mailan ere bai, hernaniarrek orain hilabete batzuetako joko maila hartuko balute. Bueltako partiduak datorren larunbatean jokatuko dituzte, Donostiako Atano III pelotalekuan.