MUS txapelketarekin hasi ziren ostiralean festa aurreko ekitaldiak Ereñotzun. Gaur mendi buelta egingo dute eta ostegunetik aurrera hasiko dira festak bete-betean. Urtero bezala, ez dira faltako ume jolasak, herri kirolak, bertsolariak, Ugaldetxoko festa dantzaldia eta guzti, eta Irubidietako jaia.
Bost mendietako buelta
Gaur, oraindik fresko, mendi buelta egitera joango dira ereñotzuarrak, eta ez nolanahikoa, izan ere, bost mendietako buelta egitera joango dira, goizean goiz abiatuta, auzo inguruan: Oinddi, Adarra, Agiña, Urdaburu eta Arrondon barrena ibiliko dira mendizaleak, 9-10 orduko mendi buelta luzean.
Hasiera ofiziala asteazkenan
Ordurako mus txapelketa, futbol partidua eta mendi buelta galanta eginda izan arren, jaien hasiera ofiziala asteazkenean izango da, hilaren 11n. Iluntzeko 20:00etan izango da eta kanpaiak astinduko dituzte auzo osoan entzuteko moduan, eta etxaferoak bota. Ondoren, festara arrimatzen direnak poteoan ibiliko dira.
Ostegunean festa
Ugaldetxon Urtero egun bateko festa berezia egiten da jaien barruan Ugaldetxon. Aurten ostegunean izango da, arratsaldean. 17:30etan hasita, pelota partiduak izango dira Ugaldetxoko frontoian. Neskak palan ariko dira, Otxotorena eta Pagola Lizeaga eta Zabalegiren aurka; mutilak, berriz, eskuz: Noble eta Elorza ariko dira Zapiain eta Lizeagaren kontra. Ondoren, 19:00etatik aurrera, toka txapelketa izango da eta 20:00etatik aurrera, Kupela taldearekin dantzaldia, goizeko ordu txikiak arte, gaueko freskuran.
San Antonio ostiralean
Paduako Antonio Donearen omenezko jaiak izaten dira Ereñotzukoak eta ekainaren 13a izaten da Santuaren eguna. Horregatik, egun horretan bi meza izango dira, bata goizeko 08:00etan eta bestea, meza nagusia, goizeko 10:30etan. Ondoren, herri kirolak izango dira. Aimar Irigoien eta Agustin Landarbide harri jasotzaileak izango dira eta Joseba Otaegi eta Fausto Mugerza aizkolariak; Joxe Angel Sarasola izango da hizlari. Ondoren bertsolariak izango dira. Arrastaldeko 18:00etan hasita, euskal festa izango da plazan: toka, sagardoa, trikitixa, bertsolariak... Ondoren, iluntzeko 20:30etan, zikiro jatea egingo dute plazan (Txartelak Ur-Mian eta Irrintzin) eta 00:00etan preso, iheslari eta erbesteratuak gogoratzeko ekitaldia.
Petti, Esne Beltza eta DJ Zigor
Omenaldiaren ondoren, Petti abeslari beratarraren kantaldia izango da; segidan Esne Beltza taldeak hartuko dio erreleboa, eta gehiago nahi izanez gero, DJ Zigor izango da musika jartzen. Gau osoa gelditu gabe aritzeko aukera beraz, Ereñotzun.
Irubidietan ere jaia
Irubidietan ere izango da jaia, aurten larunbata goizean. 11:30etatik aurrera bola eta toka txapelketak izango dira eta bertsolariak ondoren. Segidan, hamaiketako ederra egiteko aukera izango da Irubidieta jatetxean. Festak Ereñotzun jarraituko du arratsaldean. Bolariak Urte osoan ibiltzen dira auzoko bolariak han eta hemen txapelketetan. Oraingoan auzoan bertan ariko dira eta egun batean baino gehiagotan. Ostiralean Probintzi mailako San Antonio Bola Saria jokatuko dute goiz eta arratsalde. Igandean ere goiz eta arratsalde ariko dira, hemen ere Probintzi Mailako Bola eta Toka Txapelketaren barruan. Gainera Hernaniko Txapelketarako saio puntuagarria izango da.
Elizkizunak
San Antoniotan ez dira sekulan falta haren omenezko elizkizunak. Ostegunean, hilaren 12an, meza izango da arratsaldeko 19:00etan; San Antonio egunean, ostiralean, bi meza izango dira, goizeko 08:00etan eta 10:30etan meza nagusia eta igandeko meza goizeko 10:30etan izango da.