Atzo nahikoa izan ez zuenarentzat, egun guztiko festa gaur Osiñagan

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 8a, 02:00

Gaur egun pasa dute auzotarrek: pelota partiduak, bazkaria, herri kirolak...

OSIÑAGA auzoko jaiek gaur izango dute bigarren eta azken eguna, eguerditik iluntzera arte. Urteroko moduan, Rafa eta Txuriari lore eskaintza eginda hasiko da eguna eta segidan, Arriatsuko pelotalekuan, finala jokatuko dute, kaiolan egokien moldatu diren bi bikoteek. Bitarte horretan, musika tresnak puntuan jarriko ditu auzoko festetarako biltzen den Osiñaga Jazz Band taldeak. Auzoko musikari gazteak dira. Eguerdian bazkaria izango dute auzotarrek. Auzoko jende ugari biltzen da bazkari honetan, elkarrekin egoteko urteko festa bakarretakoa izaten baitute. Gaur ere 80-85 bat lagun izango dira, Telleria eta Peñagarikano bertsolariek eta Xapre trikitilariak girotuta.

Herri kirolak auzotarren artean
Bazkal ondorenean, herri kirolak izango dituzte Arriatsun, dijestioa egiteko edo. Auzotarrak elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak, trontzan, txingetan... eta gaurko festari bukaera Xapre taldeak emango dio. Osiñagakoek dioten moduan, auzotarrentzat antolatutako festak izaten dira bertakoak, «baina kanpotik datorren jendea ere ongi etorria izaten da».

Gaurko egitaraua
12:00 Rafa eta Txuriari lore eskaintza.
12:30 Pilota txapelketako finala.
13:00 Osiñaga Jazz Band-en emanaldia eta ondoren, bertsolariak: Millan Telleria eta Angel Mari Peñagarikano.
14:00 Herri bazkaria Arriatsun eta Zaharrei Omenaldia.
Ondoren, herri kirolak: trontza, txinga, soka-tira, zaku karrera, eta abar.
Ondoren, bertsolariak.
20:00 Xapre taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!