Atzo izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiko VII. Sagardo Lehiaketako finala Donostian, eta txapelik ez, baina bigarren eta hirugarren postua Hernanira etorri ziren. Zelaia sagardotegiko sagardoa gelditu zen bigarren postuan eta Altzueta sagardotegikoa hirugarren postuan. Irabazlea, berriz, Astigarragako Irigoien-Herrero gelditu zen, 3 desenpate ere egin behar izan zituzten txapelketa honetan.
«Honek balio du gure sagardoa zein mailatan dagoen ikusteko»
Jose Antonio Gainzerain Zelaia sagardotegiko nagusiak Kronikari adierazi zion final berdindua izan zela, eta gustora zegoen maila altuko finalean beren sagardoa bigarren geratu delako. Garantia guztiekin egiten den txapelketa batean beren sagardoa zein mailatan dagoen ikustea garrantzitsua dela azpimarratu zuen. Bestalde, sagardo ona egiteko sekretoa zein den galdetuta, «egunero-egunero lana serio egitea» dela azpimarratu zuen Gainzerainek. Azken urteetan zenbait aldaketa eman dira kupeltegietan eta horietara egokitu behar dela azpimarratu zuen, sagardoari jarraipena egin, garbitasuna... Beren kasuan alaba karrera eginda sagardotegian sartu dela nabarmendu zuen, «nik esperientzia daukat eta alabak ikasketak; horretan fede haundia daukat» adierazi zion Kronikari Hernaniko sagardogileak.
«Sekretoetako bat etxeko sagarra mimatzea da»
Altzueta sagardotegiko Ibon Alkorta ere gustora zegoen aurten lortutako emaitzarekin, Foru Aldundiak antolatzen duen txapelketa baita zabalkunderik haundiena duena «eta bezeroek jakitea zein mailatan gauden beti da ona». Beren sagardotegiko sekretua zein den galdetuta Alkortak dio «sagardoa mimatzea» dela. «Etxeko sagarra mimatzea ere garrantzitsua da guretzat. Iaz gutxi izan zen urtea izanagatik, guk dezente izan genuen eta horrek lasaitasun haundia ematen digu sagardo on bat lortzeko garaian».