Aurrera jarraitzen du Emakumea Pilotari egitasmoak. Duela lau urte hasi zen proiektu hau Gipuzkoako Pilota Federazioaren eskutik, kirola bultzatzeko, bereziki emakumeen artean. Hernaniko Kirol Patronatuarekin batera antolatuta, paleta ikastaroa egin da urtarriletik hona, astean behin, ordu eta erdiko saioetan. Hiru talde aritu dira jo ta ke. Batzuk lehendik arituak ziren, beste batzuk sekulan aritu gabeak. Denak aritu dira gustora eta jarraitzeko asmoa adierazi dute, kiroldegian eta kiroldegitik kanpo. Bi aste barru bukatuko dute ikastaroa.
Hiru talde herrian
Hiru talde aritu dira urtarriletik ekainera kiroldegian; bata astelehen goizetan, 11 lagunekin; bestea ostegun goizetan 5 lagunekin, eta ostegun arratsaldetan bestea, 8 lagunekin. Guztira 25 lagun inguru aritu dira. Lehenengo urtea da Hernanin egiten dena ikastaro hau eta balorazio ona egin du irakasleak, ´gutxi edo gehiago, hobekuntza sumatu` omen du ikasleengan. Gainera helburua ez da lehiatzea, baizik eta paletan aritzea, gozatzea eta ohitura sortzea. Beraz, edonork hartu dezake parte ikastaroan; ia baldintza bakarra gogoa izatea da.
Ohitura sortzea helburu
Uxue Fernandez irakasleak azpimarratu du helburua ez dela sekulako maila lortzea pala jokatzen baizik eta jendeak disfrutatzea, ohitura sortzea palan aritzeko, eta bidea irekitzea jendearen artean kirola egiteko. Talde bat bere kabuz aritzeko elkartzen hasi izana da adibiderik egokiena helburua lortu dela erakusteko. Horretarako erraztasunak ematen saiatzen dira antolatzaileak: materiala beraiek jartzen dute eta maila ere egokitu egiten dute partehartzaileen neurrira, esaterako, ikastaro hauetan ´aski da teniseko pelotekin aritzea; pelota goma gehiegitxo da`.
Irakasle aditua
Uxue Fernandez Federazioko teknikaria izan dute irakasle eta lagun. Ez dute izan nolanahiko irakaslea, izan ere, Fernandez munduko txapelduna izana da paleta gomaz.
Egitasmo zabala
Federazioak antolatutako ikastaro hau ez da Hernanin bakarrik egin. Donostian, Arrasaten, Tolosan eta Zarautzen ere aritu dira eta guztira, aurten bakarrik, 80 emakume aritu dira gutxi gora behera. Ekainaren 14an Iruran elkartuko dira denak palan jokatu eta ´herri arteko` txapelketatxo bat egiteko. Hernanin saioekin hasi aurretik, ikastaroa egin zuten abenduan eta 20 bat lagunek hartu zuten parte; batzuk animatu, eta jarraitzea erabaki zuten.