«Auzoko jaietan juntatzen gara denak: aiton-amonak, gazte jendea... auzo guztia»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 7a, 02:00

17 urte dira Osiñagako jaiak egiten hasi zirela. Orduan Arriatsuko eskolan ibilitakoak elkartu ziren eta geroztik urteroko afariaz gain, auzoko jaiak antolatzen dituzte. Urtero ekitaldi beretsuak egiten dituzte, neurria hartu dieten seinale. Kontu hauei buruz hitz egin du Kronikak Osiñagako jai batzordeko Mertxe Mendizabalekin Arriatsun bertan.

Jende asko biltzen al da Osiñagako jaietan?

Bai, barriokoak gehienak. Gehienak igandean elkartzen gara bazkaltzen. Bazkaria preparatuta ekartzen digute eta hortxe biltzen gara. Kanpoko jendea ere gustora hartzen dugu, poza hartzen dugu jendea kanpotik etortzen denean, ongi etorriak dira denak.

Hernaniko auzoetako lehendabiziko festak dira, ezta?

Bai, lehendabizikoak. Lehen Floridakoekin batera tokatzen ginen, baina orain uste dut ez dituztela egiten. 17 urte daramazkigu festak antolatzen. Lehen ez ziren egiten. Hasi ginen ikastolan ibilitakoak elkartzen; 100 eta piko lagun elkartzen ginen orduan. Eta hortik hasi ginen festak antolatzen. Hori bai, beti euria egiten digu, baina beno... Lekua ere ez da ikaragarria; lehen beti sega apostua egiten zen ondoko zelaian eta gero zelaia aprobetxatzen genuen parkinetarako. Hortxe egoten ziren kotxeak lohitan. Orain baserritarrak berak mozten du eta parkin txiki hori badugu.

Zer dute berezia Osiñagako jaiak? Zer duten berezia auzoko festak?

Guretzat dena. Bestela auzoa ez da elkartzen. Hemen juntatzen gara denak: aiton-amonak, barrioko jende gaztea, bakailo dastaketara kanpoko jende asko etortzen da... Urte osoan elkar ikusten ez dugunok elkartzen gara.

Zein da egitarauko ekitaldirik arrakastatsuena?

Bakailoarena, dudarik gabe. Horrek jende asko biltzen du, kanpoko jende asko etortzen da. Auzoko sagardoa izango duzue, noski? Auzoan sei sagardotegi daude eta bakoitzak 2 kaja sagardo ematen dizkigu. Egun horretan eta hurrengoan edaten ditugu, bakailoarekin, bazkaltzen, afaltzen...

Iker DJa izango da larunbat gauean musika jartzen ‘Laiotz’en atsedenaldian? Nor da? Auzokoa al da?

Auzoko baten iloba da eta berak proposatu zuen atsedenaldirako.

Eta ‘Xapre’ trikitixa taldea auzokoa da?

Xapre taldeak 17 urte daramazki auzoan jotzen gurekin batera. Telleria bertsolaria ere urtero-urtero etortzen da, ez da sekulan faltatu, eta Laiotz-ekoak ere urtero etortzen dira, hemen egin zuten beren lehenengo emanaldia.

Eta ‘Osinaga Jazz Band’ekoak?

Iparragirrekoak eta beste batzuk... 12-13 urteko gazteak dira eta gazteagoak. Batek akordeoia jotzen du, besteak beste zerbait... Kuestioa da lotsa galtzea, jende aurrean aritzea... ez dira talde bat, festetarako elkartzen dira...

Bazkaritara jende asko biltzen al da?

80-85 bat lagun bai. Astebete lehenago Arantxa Mujika jai batzordeko beste kide bat eta biok etxez etxe joaten gara jakiteko zenbat lagun izango garen. Pixkanaka-pixkanaka auzoko zaharrei omenaldia egin diegu: bazkaltzera gonbidatzen ditugu eta oroigarriren bat ematen diegu; emakumeei lore sorta eta plaka bana eta gizonei txapela eta plaka bana. Deskuidoan ezin badute etorri, etxera joaten gara bertsolari eta guzti. Urtetik urtera omendutakoen adina jaitsi egin da eta oraingo omenduak, 70 urte inguru dituzte eta horiek jeneralean, sasoian daude eta etortzen dira bazkaritara.

Lanerako biltzen al da jenderik?

Bai, ez dago kejarik. Urtero gauza beretsuak egiten ditugu eta bakoitzak badaki zer egin behar duen. Eszenatokia Udalak jartzen du eta aurten baita montatu ere. Eta kantina portatila jarriko dugu aurten.

Auzokoak izaten al zarete herri kiroletan?

Bai, gerok izaten gara. Gazteak baino zaharrak gehiago. Ez da lehiaketa izaten, gu ere ordurako nekatuta izaten baikara; ondo pasatzeko egiten dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!