Auzoetako lehenengo festak ailegatu dira Hernanira. Osiñagako festak joan den asteburuan hasi ziren mus txapelketarekin eta gaur eta bihar dituzte egun haundiak. Jai egitaraua bete-betea dute eta antolatzaileek esandakoaren arabera, lanak eta ekitaldiak pilatu egiten zaizkie, baina gustora aritzen dira. Goizean hasiko dira festak umeek egingo duten mountain bike ibilaldiarekin; bizikletak hartu eta auzoan barrena ibiliko dira denak tropelean eta jarraian hamaiketakoa egingo dute Arriatsuko eskolan.
12:00etan txupinazoa
Jaiak aspaldi hasiak izanagatik, txupinazoa gaur botako dute, eguerdiko 12:00etan. Jarraian ume jolasak izango dira eta ondoren bazkari bikaina prestatuko dute bertara arrimatzen diren auzotarrentzat. Mahaitik altxatzerako abere dema ikuskizuna izango dute bertatik bertara, izan ere, Imanol Paolla-ren zaldia eta Urnietako Azkonobieta-ren behorra ariko dira 800 kiloko harriarekin. Segidan auzotarren arteko pelota partiduak izango dira: final aurrekoa jokatuko dute gaur eta finala bihar. Ondoren, Hernaniko Bertso Eskolako kideak bertsotan arituko dira.
Sagardo eta bakailu dastaketa
Arratsaldeko 19:30etan urtetik urtera gero eta estimatuagoa den sagardo eta bakailu dastaketa izango da. Auzoko sagardotegietako sagardoa eta bakailu mordoa jartzen dute auzotar eta kanpotik joaten direnentzat. Antolatzaileen esanetan, hau da jaietako ekitaldirik arrakastatsuena, eta pozik daude. ‘Laiotz’ekin dantzaldia Afaltzeko premiarik izaten ez duten arren, etenaldi txiki bat egingo dute indarrak hartzeko eta 23:00ak aldera dantzan hasiko dira Laiotz musika taldearekin. Atsedenaldian ere ez dute arnasik hartzeko denborarik izango, izan ere, Iker DJa izango dute musika jartzen.
Bihar ere atsedenik ez
Goizean goiz hasi gabe, bihar 12:00etan ekingo diote egunari, Rafa eta Txuriari monolito parean egingo dieten lore eskaintzarekin. Omanaldiaren ondoren, auzotarren arteko pelota partiduetako finala izango da frontoian. Bitartean, eta egun osoan zehar, Xapre trikitixa taldekoak jo eta su ariko dira bazterrak alaitzen.
‘Osiñaga Jazz Band’en
emanaldia
Osiñagako auzotar gazteek musika emanaldia egingo dute 13:00etik aurrera, bakoi-tzak bere musika tresnarekin. Ikuskizunaren ondoren, bertsolariak izango dira, Millan Telleria, urteroko bisitaria, eta Anjel Mari Peñagarikano.
Zaharrei omenaldia
biharko bazkarian
Eguerdiko 14:00etan herri bazkaria egiten dute urtero eta aurten ez dira gutxiago izango. Bazkaria aprobetxatuz, azkeneko urteetan auzoko zaharrei ondo merezitako omenaldi xumea egiten diete. Horretarako bazkaltzera gonbidatzeaz gain, lore sorta eta plaka bana ematen diete emakumeei eta txapela eta plaka bana gizonei. Denak ez dira, ordea, bazkaltzera joateko moduan izaten eta horrelakoetan etxeraino joaten zaizkie antolatzaileak, bertsolari eta guzti, bakoitzari berea ematera.