Aurkeztuko diguzu lana? Zer ikusiko du jendeak?
Komedia bat ikusiko du. Ordu beteko barrealdia eta gainera homosexualek bizi dituzten arazo mordoa gertutik ezagutzeko aukera izango du jendeak.
´Ser o no ser... visible´. Homosexualitatea izkutuan al dago oraindik?
Ematen du ezetz, ezta? Ba, nik uste dut baietz. Oraindik jende asko dago bere gauzak adierazteko beldurrez, inguruko erreakzioen beldurrez. Heterosexualei kosta egiten zaie hori ulertzea; ez baduzu bizi, ez du hain latza ematen.
Lesbianak gizon homosexualak baino ezkutuagoan daude?
Bai, bai, dudarik gabe. Emakume izatea bera beti aurka doan zerbait da, ez honetan, denean. Hasteko, ematen du emakumeak derrigorrez, eta gizonek baino gehiago, «ondo portatu» behar dugula eta lesbiana izatea ez da ondo portatzea, mugak haustea da, eta mugak hausten dituen emakumeak beti gehiago ordaindu behar du.
Lekutan dago transexualitatea.
Gaiari buruz asko pentsatzen ari naiz azkenaldian; transexualitatearen gaineko antzezlanen bat prestatzea ere pentsatu dugu. Ezin ulertuaren adibiderik nabarmenena da transexualitatea. Antzezlan honekin aukera izan dugu emakume eta gizon transexual asko ezagutzeko, eta ez da batere ezagutzen gaia eta kristoren amorrazioa ematen dit. Ez dut uste hain zaila denik ulertzea badagoela jendea sentitzen duena jaiotzez tokatu zaion gorputza ez datorrela bat bere identitate sexualarekin eta eskubidea duela bere identitatea errespetatua izateko. Arazoa, beti bezala, ezjakintasuna da eta aukera dugunean, hurbildu beharrean urrundu egiten gara. Lastima da, asko ikasi bailiteke jende honekin.
Zein arazo eta kontraesan dituzte lesbianek?
Nik esaten dut emakume lesbiana askok zalantza haundiak izaten ditugula badakigulako batetik, ikusiak izatea garrantzitsua dela gure harrotasun eta zoriontasun pertsonalerako, baina beldur garelako bestetik, ikusiak izateak nahi ez ditugun ondorioak ekarriko dizkigulako guri edo geure familiei. Horregatik zalantza haundi hori: `Ser o no ser...visible`
Protagonista bere ezkontza prestatzen ari da eta kontraesanak ditu. Ezkontza egunean ere kontraesanak?
Ez dakit. Pentsatzen dut egun horretan dena konponduta dagoela, onerako edo txarrerako. Baina ziur esan dezaket munduko ezkontzarik arraroenak direla. Ezkontza hauen %50ean familiako kideen erdiak ez daude, ez dutelako uste ospatzeko moduko ezer denik edo besterik gabe, ezkontza horren berririk ere ez duelako. Uste dut honekin dena esana dagoela.
Zergatik da hain zaila ‘ezberdin’ izatea?
Ez garelako ezberdinak. Beldur berak ditugu, miseria berak, arazo berak, beno, eta gainera hau, jakina. Nahi nuke nik ezberdina izan, baina zoritxarrez, bat gehiago besterik ez naiz, beste guztiak bezalaxe.
Protagonista ezkontzekotan da. Epaitegian edo elizan? Elizan bada, a ze kontraesana eliza bezalako erakunde bati amen egitea?
Prestatzen ari diren ezkontza zibila da jakina, ezkontza erlijiosoak, katolikoak, ez baitaude onartuak. Baina antzezlanak ezusteko asko ditu, gauza bat da nola hasten den, eta bestea nola bukatzen den... batez ere ezkontzaren kontuarekin.
Asko hitz egin behar al da oraindik gaiaren inguruan?
Agian hitz egin baino, entzun egin behar dugu.