Bertso eskolako kideek emango diote hasiera aurtengo San Joan jaiei

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 5a, 02:00

Aurtengo San Joanak bertso doinuz hasiko dira, Bertso Eskolako kideek emango baitiete hasiera ofiziala festei, ekainaren 23an, astelehenarekin. Festa batzordeak Hernaniko bertso eskolaren ibilbidea omendu nahi izan du, 27 urte bete dituen urtean. Festak astelehenean hasi eta ostiralera arte iraungo dute eta egun guztietan izango dira ekitaldi ugari, adin eta gusto desberdinetako herritarrentzat.

Aurreko asteburua
San Joan jaiak erabat astez egokitzen direnean, aurreko asteburuan ere festa giroa izan ohi da herrian eta aurten ere festetako ekitaldi ugari izango dira larunbat eta igandean, ekainaren 21 eta 22an. Beraz, ofizialki festak bost egunekoak izango badira ere, zazpi egunean izango da Hernanin festa giroa, eta kanpoko jende asko eta asko asteburuan etorriko da seguruenera.

Gune desberdinak
Festa gune desberdinetan izaten da eta aurten ere gusto guztietarako ekitaldiak izango dira. Tilosetan egongo dira txosnak eta bertan zenbait musika emanaldi eta dantzaldi izango dira. Horrez gain, Atsegindegin ere izango dira musika emanaldiak: dantzaldi karroza, DJak, haurrentzako emanaldiak... Plaza Berrin eta Gudarien plazan ere izango dira emanaldiak eta kale bueltan ere txarangak ibiliko dira. Horrez gain, barrakak Txantxillan izango dira eta zezen txikiak Latsunben.

Iragarpen kontzertua
San Joanak iragartzeko kontzertua ekainaren 14an izango da, larunbatarekin. Eguerdiko 13:00etan, Preludio txikia izango da eta iluntzeko 22:30etan Preludio nagusia. Aurtengoa XVgarren edizioa da. Bestalde, Solstizio ospakizuna egingo dute Chillida Lekun, ekainaren 17an, asteartearekin.

Aurtengo nobedadea, idi-dema Plazan
Aurtengo San Joan jaietako nobedadeetako bat idi-demarena izango da. Hernanin apenas idi-demarik izan den aspaldiko urteetan, baina idiak dituztenak badira eta erakustaldia egingo dute, ekainaren 27an, Gudarien plazan. Elur Txorik antolatuta, goizeko 10:30etan izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!