Larunbat goizetik igande gauera festa bete-betea Osiñagan

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 4a, 02:00

Txupinazoa larunbat eguerdian izango da eta igande iluntzera arte egitarau zabala prestatu dute. Ekitaldiak Arriatsu inguruan izango dira aurten ere.

Datorren asteburuan izango dira festak Osiñagan, hasi larunbat goizean eta igande gauera arte. Urteroko moduan auzotarrei begira antolatu dituzte aurtengo festak ere, baina gainerako herritarrek ere ateak irekiak izango dituzte eta primerako giroa. Larunbat goizean haurren txanda izango da eta arratsaldean arrakasta haundiko ekitaldia izango dute, abere dema. Imanol Paollaren zaldia eta Urnietako Azkonobietaren behorra neurtuko dira, 800 kiloko harriarekin, zeinek plaza gehigo egin. Segidan, pelota txapelketako finalaurrekoak, sagardo eta bakailao dastatzea, bertsolariak eta dantzaldia izango dira. Urtero bezala, larunbat gaua luzatu egingo da, parranda luzea egin nahi dutenen pozerako.

Igandean, herri kirolak
Igande eguerdian Rafa eta Txuriari lore eskaintza egingo diote eta ondorenean pelota txapelketako finalak izango dira, Arriatsuko frontoi txiki baina bihurrian. Osiñaga Jazz Band auzoko taldearen emanaldia izango da ondorenean eta ohiturari jarraituz, Millan Telleria eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariek saioa egingo dute, bazkal aurrean. Bazkaldu eta dijestioa egiteko herri kiroletan neurtuko dituzte indarrak auzotarrek, bertsolariek adarra jo eta Xapre taldeak giroa jartzen duen bitartean. Egunari eta aurtengo festei bukaera Xapre taldeak emango die. Bereziartuatarrak musean txapeldun Joan den asteburuan mus txapelketak jokatu zituzten Arriatsun, urteroko moduan, festak girotzen hasteko. Pedro Bereziartua eta Alberto Bereziartua izan ziren txapeldun; Joxe Angel Etxeberria eta Xabier Etxeberria bigarren; Joxe Zubiondo eta Antton Eizmendi hirugarren; eta Joseba Mariezkurrena eta Simon Goikoetxea lagurren.

EGITARAUA
Larunbata
10:00 Mountain bike haurrentzat. Ondoren, hamaiketakoa Arriatsun.
12:00 Txupinazioa eta haur jolasak.
14:00 Bazkaria, auzokoentzat.
17:00 Abere dema: Imanol Paollaren zaldia eta Azkonobietaren behorra, 800 kiloko harriari tiraka.
Ondoren, auzokoen arteko pelota partiduak, final aurrekoak.
Ondoren, Bertso saioa Hernaniko bertso eskolako bertsolariekin.
19:30 Sagardo eta bakailao dastaketa.
23:00 Dantzaldia Laiotzekin.
Atsedenaldian, musika saioa Iker DJrekin.

Igandea
12:00 Rafa eta Txuriari lore eskaintza.
12:30 Pilota txapelketako finala.
13:00 Osiñaga Jazz Band-en emanaldia eta ondoren, bertsolariak: Millan Telleria eta Angel Mari Peñagarikano.
14:00 Herri Bazkaria Arriatsun.
Ondoren, herri kirolak: trontza, txinga, soka-tira, zaku karrera, eta abar. Ondoren bertsolariak.
Dantzaldia, Xapre taldearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!