Joan den larunbatean aurkeztu zuten Kulturola kultur gunearen proiektua herritarren aurrean, Sandiusterrin. Talde bat aritu da proiektuari lehen forma orokor bat ematen eta horren berri eman zuten, herriko talde eta eragile desberdinetako 60 bat lagunen aurrean.
Bi urteko ibilbidea
Aurkezpenean, egitasmoak izan duen ibilbidea azaldu zuten. Ideiaren sorrera 2005-2006an izan zen, Dobera Euskara Elkartean. Ideia hori gustatuta lanean jarri zen herritar talde bat hiru zutaberen inguruan: Kafe Antzoki moduko zerbait sortzea; ardatza euskal kultura izatea; eta herritarren beharrei erantzutea. Geroztik gaur egunera bilera ugari egin dituzte eta oinarrizko diseinu edo ideia bat osatu dute. Horren berri eman zuten larunbatean Sandiusterrin.
Erdigunean kokatua
Egindakoa egitasmoaren zirriborroa bada ere, zenbait ideia nagusi biltzen ditu, besteak beste 600-800 lagun sartuko diren areto nagusi bat izatea. Jabetza konpartitua izango du: publikoa izango da batetik, eta gune-ko partaideena bestetik; euskera eta euskal kultura izango ditu ardatz; antolaketa eta kudeaketa parte hartzailea izango du; herritarren zerbitzurako espazio irekia izango da, ordutegi zabalekoa; zerbitzua eskaintzeaz gain, produkziorako eta sormenerako lekua izango da; eta errespetuzko jarreratik, gainerakoen inplikazioa bilatuko du. Guneak berak erdigunean joan beharko luke, ondo komunikatua egon beharko du, eta inguruan bizi lagunik ez du izango. Zutabe nagusiak jarriak daude beraz, lan egiten hasteko, eta proiektuan parte hartu nahi duenak ateak zabalik ditu, taldekideek azpimarratu zutenez.