udalak sustatuta, urte hasieran txotx denboraldiaren inguruko partehartze prozesua hasi zen. Prozesu honen helburua, besteak beste, izan da txotx denboraldiaren gora-beherei buruz hitz egitea, herritarren eta udalaren arteko elkarlana bultzatzea eta egoera hobetzeko proposamenak lantzea. Sei hilabeteko bileren ondoren, atzo bilera hauetan ateratako puntuei forma eman dien txostena aurkeztu zuten herritarrek, alderdi ezberdinetako ordezkarien aurrean. Hurrengo urratsa izango da politikariak biltzea eta proposamen hauek aztertzea eta beste berri batzuk mahai gainean jartzea. Zita irailerako jarri dute.
Guztira 82 lagun
Partehartze prozesu honetan, guztira 82 herritar izan dira. Bost lantalde osatu ziren prozesu hasieran, adin tarteka antolatuta, eta bosgarren talde bat Ereñotzuko bizilagunek osatu dute. Guztira 22 bilera egin dira. Adin tarte altueneko bileretan partehartzea haundiagoa izan da adin tarte txikiagoko bileretan baino.
Txotx denboraldiaren alde negatibo eta positiboak
Txostena aurkezteko egindako bileran azpimarratu zutenez, prozesu hasieran txotx denboraldia arazo bat bezala ikusten zuten talde batzuek, hala ere, pixkanaka denboraldiaren alde positiboak eta denboraldian sortutako arazoei aurre egiteko orain arte egindako lana ere baloratu dira.
Herritarrek Udalari luzatutako hainbat proposamen:
HEZKUNTZA MAILAN:
• Hezkuntza lana, mezu positiboa zabaltzeko. Hezkuntza lana egitea proposatu dute herritarrek, batetik, txotx denboraldiaren mezu positiboa zabaltzeko. Zehazki komunikazio kanpaina bat egitea proposatzen da, sagardoaren kultura, pertsona guztiekiko errespetua, partehartzea eta inplikazioa, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta euskera sustatuko dituena. Mezua zabaltzeko laburmetrai moduko bat osatzea proposatzen da, sagardotegietako web guneetan eta herrirantz datozen autobusetan jartzeko, besteak beste. Laburmetraia herritarren lehiaketa bidez osatzea ere proposatzen da.
AZPIEGITURA MAILAN:
• Kaxkoa txukundu. Kaxkoa txukuntzea proposatzen da, uste delako txukun dagoen eremu batean jendea ez dela nola edo hala ibiliko. Kaxkoa nahiko utzita dagoela uste da: kartelak, argi gutxi eta abar. Jendea utzikerian ibiltzeko arrazoi bat izan daiteke. Proposatzen da: komun publiko egoki eta estetikoagoak jartzea, kaleak argiztatu pixa egiteko erakargarriak izan ez daitezen, komunak seinalatzea, fatxadak garbitzea... • Zarata. Landareak erabiltzea soinua neutralizatzeko bideragarria den aztertzea proposatzen da batetik; eta bestetik, tabernek eragiten duten soinua neurtzeko egun osoko grabazioak egiten dituzten soinu-neurtzaileak erostea. Neurtzaileak etxez etxe ibiliko lirateke, arazo gehien duten etxeetan. • Kristalak. Plastikozko baso sendoak erabiltzea proposatzen da, behin eta berriro erabiltzekoak, eta kalean kontenedoreak jartzea plastikozko basoak botatzeko, zabor ugari sortzen baita basoekin. • Parranda herritik kanpo. Aukera bezala aztertu da tabernak ixtean, alternatiba posiblea izan daitekeela parranda herritik kanpoko gune batera bideratzea. Baina honek eztabaida sortu du, horrelako esperientziek beste lekuetan arazoak sortu dituztelako. • Garraioa. Garraio zerbitzua zabaltzea proposatzen da, batez ere tabernak itxi eta ondorengo orduetan.
ARAUDI MAILAN:
• Araudia bete arazi: Egoerak hobera egin du orain arte egindako lanari esker. Hala ere, taberna bakoitzak bere kategoriaren araberako arautegia bete beharko du, eta Udalak hori betetzen dela ziurtatzea proposatzen da. • Udaltzaingoa: Udaltzainaren presentzia haundiagoa eskatzen da, taldeka dijoaztenean esperientzidunen bat tartean egotea eskatzen da, orain arteko sistemari jarraituz. Kaleko gertakarien aurrean, okerrak egin dituzten pertsonak identifikatzea eskatzen da eta gertakarien partea osatzea. • Tabernariak: Tabernarientzat hitzaldi bat antolatzea proposatzen da, tabernetan dabilen bezero mota aztertzeko. Uste da tabernak bezero mota jakin bati zuzentzen zaizkiola eta agian beste bezero mota batzuk aztertzea komeni da.
EKONOMIA MAILAN:
• Inbertsioak egiten jarraitu eta azterketa bat egin: Tabernek, orain arteko bideari jarraituta, inbertsio gehiago egitea proposatzen da, eta baita tabernariei eskatzea txotx denboraldiko gastuei aurre egitea, modu boluntarioan. Diru iturri modu berriak bilatzea ere proposatzen da eta baita azterketa sozio-ekonomiko bat egitea txotx denboraldiaren inguruan: identitate eta kultura mailan sortzen duena jakiteko, eta baita sortzen dituen irabaziak aztertzeko.