Marian Beitialarrangoitia kargurik gabe aske utzi zuen atzo Grande Marlaska epaileak

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 3a, 02:00

Epaileak Jose Manuel Aristimuño ‘Pana’ parkearen izena kentzeko agindua eman dio. Beitialarrangoitiak uko egin zion galderak erantzuteari, eta bukaeran deklaratu zuen berak zerikusirik ez duela parkearen izenarekin.

Marian Beitialarrangoitia alkateak Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen atzo eta Fernando Grande Marlaska epaileak aske utzi zuen kargurik gabe. Inputatu gisa deklaratu zuen Hernaniko Alkateak, Jose Manuel Aristimuño Pana parkearen izena dela eta. Dignidad y Justicia taldeak aurkeztutako kereila bat izan da oinarria, parkeak ETAko kide baten izena duela eta Hernaniko alkateak erantzukizuna duela dioena. Horrez gain, Gudarien plazaren izena ere aipatzen du kereilak eta izen horiek aldatzeko eskatzen du. Beitialarrangoitiak ez zuen galderarik erantzun, eta bukaeran azaldu zuen berak ez zuela zerikusirik parkearen izenarekin, besteak beste, izena jartzea erabaki zenean 14 urte zituelako eta Hernanin bizi ez zelako. Gudarien plazaren izenari dagokionez, Marian Beitialarrangoitiak gogoratu zien Hernanin 1936an fusilatutako 200 lagun izan zirela. Horrez gain, esan zuen Jose Manuel Aristimuño Pana parkearen izena ez duela inongo udal alderdik nahiz herritarrek salatu, 1982an izena jartzea onartu zenez geroztik.

Izena kentzeko agindua
Grande Marlaska epaileak atzo bertan egin zuen publiko autoa eta bertan Herna-niko alkateari eskatzen dio parkeari Aristimuño izena kentzeko eta baita Udal kaletegitik kentzeko ere. Horrez gain, Ertzaintzari agindu dio Panaren oroimenezko ikur publiko guztiak kentzeko, parkean bertan dagoen monolitoa, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!