Marian Beitialarrangoitia Alkateak gaur deklaratuko du Auzitegi Nazionalean

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 2a, 02:00

MARIAN beitialarrangoitia Alkatea inputatu bezala deklaratzera deitu du gaurko, Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epaileak, Jose Manuel Ariztimuño Pana parkearen izena dela eta. Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztu eta epaileak onartutako kereila bat da oinarria. Epaileak «terrorismoa gorestea» eta «biktimak gutxiestea» leporatzen dio Alkateari.

Prentsaurrekoa atzo
Atzo Ezker Abertzaleko hainbat hautetsik agerpena egin zuten udaletxeko arkupetan, Hernaniko Alkateari elkartasuna adierazteko eta egoeraren irakurketa egiteko. Inputazio honek «zentzurik ez» duela eta horren atzean helburu garbiak daudela adierazi zuten: «EAJ-PNVk eta Espainiako eskubiak, batetik, herri honen oroimenarekin bukatu nahi dute, Estatuaren indarkeriaren biktimak gogoratzea galarazi nahi dute, eta zergatik, Estatuaren indarkeria agerian uzten dutelako». Bestetik, «etikaren izenean, Ezker Abertzalea udaletxeetatik atera nahi» dutela adierazi zuten eta galdetu zuten ia etikoa den «herriari bizkar emanda gobernatzea» Horrekin batean salatu nahi izan zuten «EAJ-PNVren hipokresia, ahotik lerdea dariela hitz egiten dute erabakitzeko eskubideari buruz, eta aldi berean Garzonen autoa erabiltzen duten Ezker Abertzalearen kontrako borrokan, eserlekuak libre izateko beren negozioei bidea egiteko». Egoera honen aurrean, zuhur jokatuko dutela eta lanean jarraituko dutela azaldu zuten, «gure delitu bakarra, independentzia eta sozialismoaren alde egitea, euskararen inguruko ordenantzak bultzatzea, AHTren inguruko herri galdeketak egitea, zabor kudeaketa alternatiboak sustatzea eta etxebizitza publikoaren alde egitea da».

Mobilizazioak gaur
Alkatea deklaratzera deitu dutela salatzeko mobilizazioak deitu dituzte gaurko. Eguerdiko 12:00etarako deialdia egin dute, Plazan, eta arratsaldeko 20:00etarako, Zinkoenean. Salbuespen egora stop izango da lema.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!