Artelanen lehiaketa antolatu du Doberak Hernaniko artisten lanak ezagutzera emateko

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 1a, 02:00

DOBERA euskara elkarteak, Hernaniko artisten sorkuntza sustatu eta aitortzeko asmotan, eta artista horien lanak jendeari ezagutzera emateko artelanen lehiaketa antolatu du. Dobera Sariaren VI edizioa da; Sariaren helburua da Hernanirekin zerikusia duten gaiak jorratu, saritu eta ezagutzera ematea. Oraingoan artista eta artelanen txanda da.

Gaia: Komunikazioa
Ikus-arteetako era guztietako lanak aurkeztu daitezke eta gaia Komunikazioa da. Dobera elkartea euskara elkartea dela kontuan izanik, komunikazioa aukeratu du lehiaketaren ardatz.

Sari erakargarriak
Bi sari emango dira aurkeztutako lanen artean, 1500 eurokoa bakoitza. Batetik, gaiari, komunikazioari alegia, egokien lotzen zaion lanari emango zaio saria; eta bestetik, estetikoki balio haundiena duen lanari. Epaimahaiak erabakitzen badu, sariak eman gabe gera daitezke. Horrez gain, aurkeztutako lan guztiekin katalogo bat egingo da eta baita erakusketa bat ere Biteri kultur etxean; hori baita hain zuzen lehiaketaren helburu nagusienetako bat, alegia, artistak eta beren lanak ezagutzera ematea.

Artista hernaniarrak
Lehiaketan Hernanin jaioek, bizitakoek edo bizi direnek parte hartu dezakete. Lehiakide bakoitzak asko jota, lau obra aurkeztu ditzake.

Urriaren 3ra arteko epea
Lanak Dobera euskara elkartean aurkeztu behar dira (Larramendi 11, behea; 20120 Hernani), urriaren 3a baino lehen. Aurkeztutako obra bakoitzaren azalpen laburra eta material grafikoa, edozein euskarritan dela ere, euskaraz egin behar da. Izen emateko Dobera elkartera jo behar da edo www.dobera.com webgunean eskuragarri dagoen izen-emate fitxa bete eta bidali behar da dobera@dobera.com helbidera. Ibilbide artistikoaren kurrikuluma ere aurkeztu behar da.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!