LOKALAK etxebizitza bihurtzeko ordenantzari hasierako onarpena eman zion osteguneko Plenoak. Orain ordenantza erakusketan jarriko da hilabeteko epean eta aukera izango da alegazioak aurkezteko. Alegazioak aztertu ondoren, ordenantza indarrean jartzeko, Plenoak behin betiko onarpena eman behar dio. Lehenago ere eman zaio hasierako onarpena lokalen inguruko antzeko ordenantza bati, baina zenbait alegazio medio ordenantza berridatzi egin behar izan da. Aldaketa nagusia lokalak etxebizitza bihurtzeko eremuari dagokio. Azken ordenantza honen arabera ezingo litzateke lokalik etxebizitza bihurtu, honako lekuetan: Orkolaga 7, 9, 11, 17, 12, 14, 16 eta 18; Elkano 18; Larramendi 1, 3, 5, 7,9,19 eta 21; Lizeaga 12, 14 eta 16; Lizarraga 3 eta 5; Victor Hugo 3, 5 eta 7; Madalena 9, 11 eta 15; Oartzu 1, 3, 2, 4 eta 6; Iturregi 2 eta 4; Aristizabal 3, 5, 7 eta 9; Latsunbeberri 8, 9, 12, 19, 22, 23, 24, 25, 28 eta 35; Latsunbe 8, 10 eta 12; Argarain 2,4,6 eta 8; Gartzia Goldaraz 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9 eta 10; Florida 7, 69, 159 eta 161; Karmelo Labaka 1, 2 eta 3; Antziola 30 A, 30 B, 30 C, 44, 46, 48, 50, 40 eta32; Gabriel Zelaia 2, 4 eta 6; Sagastialde 15, 16, 17 eta 18; Etxeberri 1etik 10era; Portu 3; Elizatxo 18, 20, 22, 24, 27, 28, 29, 43, 44, 45 eta 46; Sorgintxulo 8 eta 9; Zikuñaga 32, 37, 38, 39 eta 40.
Bozeramale Batzordeak erabakitzeko ahalmena
Horrekin batera, Bozeramale Batzordearen funtzionamenduaren inguruko hainbat puntu onartu ziren.
Hemendik aurrera Bozeramale Batzordeak erabakitzeko eskubidea izango du. Bozeramale Batzordea Alkateaz gain, udaletxean ordezkaritza duen edozein alderditako bozeramaileak deitu ahal izango du. Deialdia 48 ordu aurretik egin beharko da, baina urgentziazko kasuetan hiru orduko epearekin ere deitu ahal izango da.
Beste hainbat erabaki
Etxebizitza tasatuak arautzeko udal ordenantzari ere hasierako onarpena eman zion Plenoak. Ordenantza hau ere erakusketan izango da hilabeteko epean.
Hilerriko araudia ere onartu zen Plenoan, eta baita herritarren elkarbizitza eta garbiketa arautzen duen ordenantza aldatzeko hainbat proposamen ere.
Preso batzordean diktaminatutako testu bat ere aurkeztu zen Plenoan, AMMko kideen kontrako inputatuei babesa emateko herritar batek aurkeztutakoa. Testuak oposizioko alderdien kontrako botua jaso zuen eta ez zen onartu.
Alkateari elkartasuna adierazteko eskaria
Pleno bukaeran Gobernu taldeko kide batek gogorarazi zuten astelehenean Marian Beitialarrangoitia Alkateak deklaratzera joan behar duela Madrilera. Gainerako alderdiei eskatu zieten beren elkartasuna adierazteko eta gaiari buruzko beren iritzia emateko.