Heziketa Zikloak: lan mundurako bide zuzena

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 1a, 02:00

Heziketa Zikloetarako aurrematrikulatzeko epea irekiko da bihartik ekainaren 13ra eta Hernani Institutuan Heziketa Zikloak egin dituzten eta egiten ari diren ikasleekin hitz egin du Hernaniko Kronikak. Zikloetan ikasten dutenarekin gustora daude, batik bat ikasketak lan mundura bideratuak daudelako. Aida Blascok Mekanikako Erdi Mailako Heziketa Zikloa egin zuen eta lanean ari da gaur egun. Tania Guiradok Goi Mailako Mekanizazio Bidezko Produkzioa Zikloa egin zuen eta bigarren ziklo bat egiten ari da orain Proiektu Mekanikoen Garapena edo delineazio ingurukoa; ikasi eta lana egiten ditu gaur egun. Lorea Narro, berriz, elektrizitateko zikloa ari da egiten, eta lan ere egiten du. Laugarren ikasle batekin ere hitz egin ahal izan dugu, Ingeniaritza Teknikoa egin ondoren, Goi Mailako Ziklo bat egitea erabaki duena, eta lan eta ikasi, biak egiten ditu honek ere. Hernaniko Kronikak hitz egin duen lau ikasleak neskak dira, baina ez da hori izaten normalena heziketa ziklo hauetan, mekanika nahiz elektrizitateko lan-munduan gizonezkoak baitira askozaz gehiago. Baina hesi hori haustearen damurik ez dute lau neska hauek eta neska zein mutilentzat lan mundura salto egiteko aukera oso ona dela irizten diote.


«Lana bilatzea erraza izan zen»
Aida Blascok Mekanizazio Zikloa egin zuen Hernani Instituan eta gaur egun lanean ari da tailer batean. Ikasleek praktikak egiteko aukera izaten dute eta askotan praktikak egindako leku berean geratzen dira lanean. Aidak dio lan mundura pausoa ematea erraza izan zela beretzat, nahiz eta ikastetxean aritu edo tailerrean aritu, desberdintasuna badagoen: «desberdina da ikasleekin egotea edo tailerrean presaka edo presiopean aritu beharra». Tailerrean emakumezko bakarra da, baina gustora dago eta lan mundu horretara salto egin nahi duten neskei animatzeko dei egiten die.

«Nahiago izan dut Heziketa Ziklo bat egin eta lanean hasi, bost urtean karrera egiten ari eta lanik bilatu ezinda ibiltzea baino»
Tania Guiradok Mekanizazio Bidezko Produkzioa Goi Mailako Zikloa egin zuen eta gaur egun Proiektu Mekanikoen Garapena Goi Mailako Deliniante Zikloa ari da egiten. Bigarren ziklo honekin lan mundurako curriculum hobea izango luke Taniak eta horregatik ari da egiten. Hala ere, argi du bigarren ziklo hori izango duela azkena eta aurrera, kurtso txiki eta espezializatuak egingo dituela. Horrez gain, lana ere egiten du eta aitortzen du lan egin eta ikastea gogorra dela, «baina egin liteke». Hala ere, lanean aritzeak errealitatea nolakoa den ikusteko balio duela dio, eta horrek ikasketetarako ere balio du neurri batean. Berak nahiago izan du maila altuko ziklo bat egin eta lan munduan zuzean sartu, karrera bat ikasten bost urtean aritu eta lanik bilatu ezinda ibiltzea baino. Bere hitzetan ondo bideratuta daude ikasketak eta praktiketan lanerako gogoa izanez gero, enpresetan jendea hartu egiten dute. Bere kasuan ere neska gutxi du inguruan, baina argi dauka aukera ona dela Heziketa Zikloena: «emakumea izanda, lan duin bat izateko edo hemendik sartzen zara edo karrera bat eginda saiatzen zara, baina ikasi gabe baldintza txarretan lan egin beharko duzu. Onena da ikusi eta saiatzea; ez da hain gogorra».

«Teoria eta praktika egiten dira»
Lorea Narro elektrizitateko zikloa ari da ikasten. Batxilergoan elektrizitateko asignatura gustatu eta erabaki zuen mundu honetan sartzea eta gustora dago, teoria eta praktika bietatik ematen dutelako; «entretenigarria da» dio. Bera ere lanean ari da, baina ez elektrizitate munduan. Aurrera mundu horretan nahi luke lan egin eta aukerak izango ditu, praktiketara ikastetxetik bideratzen baitituzte. Etxebizitzetako instalazio elektrikoetan edo antzekoetan nahi luke lan egin eta hor lana badela dio «gaur egun elektrizitate gabe ez baitago ezer».

«Karrerako gabeziak konpontzeko balio dit Heziketa Zikloak» Laugarren ikasle batekin ere hitz egin du Kronikak, eta bere kasua besteenaren aldean desberdina da. Mekanika arloko Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen eta orain Proiektu Mekanikoen Garapena egiten ari da. Karrera bukatu eta Goi Mailako Ziklo bat egitea erabakitzeko arrazoia izan da bere lan mundua ez dela nahi duen bidetik joan, zerbitzu ingurura bideratu diote gehiago. Horrez gain, karreran gabezia haundiak daudela uste du, gauzak erabat teorian ikasten direla: «adibide moduan, torno bat kalkulatzen erakutsi ziguten karreran, baina inoiz ez genuen torno bat ikusi». Heziketa Zikloak bere gabeziak konpontzeko balio izan dio eta orain lan munduan nahi duen bidetik jotzeko aukera gehiago ikusten ditu, mekanizazio aldetik, deliniazio aldetik... zikloarekin oso gustora geratu da beraz «ondo hitz egin zidaten eta oraindik eta hobea iruditu zait».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!