Maider Martin Espainiako txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 31a, 02:00

Hirurogei bat sari izango ditu dagoeneko etxean, baina lehengo astean Gasteizen irabazitakoak adinako pisua dutenak gutxi. Espainiako txapeldun gelditu zen Maider Martin tenis jokalari hernaniarra, infantil mailan, txapelketa gogorra jokatuta. Bost aurkari gainditu behar izan zituen: lehen partiduan kataluniako jokalari bat, bigarrenean, galiziarra, hirugarrenean madrildarra, laugarrenean beste kataluniar bat eta finala Madrilgo Silvia Garciaren aurka jokatu zuen eta 6-4 eta 7-5 irabazi zion, asko borrokatuta. Berez, Euskal Herrian maila haundiegirik ez da teniseko gazte mailatan, baina Espainia mailan bai, eta hernaniarrak erakutsi du puntaren puntan dagoela.

Eguneroko ahalegina
Maila horretan aritzeko doaiak behar dira, baina lana ere gogotik egin behar da. Hernaniar gazteak egunero entrenatzen du, 3 orduz, eta teknikaz gain, fisikoa ere asko lantzen dute. Ondarretako tenis eskolan dabil, eta bera infantila izanagatik, kadete mailako neska-mutilekin egiten ditu entrenamenduak. Horrek maila haundiagoan aritzeko aukera ematen dio hernaniarrari. Urtean zeharreko entrenamenduez gain, udaran «tenisaren sehaskara» Kataluniara joan ohi da ikastaro bat egitera. Ondarretako tenis eskolan jende asko ibiltzen da, baina konpetizioan gutxi. Gipuzkoan beste bi eskola bakarrik daude: Txingudikoa eta Intxaurrondokoa. Horiez gain, Bizkaian daude eskola gehiago, baina Euskal Herrian orokorrean, tenisak ez du indar haundirik.

Munduko txapelketara
Hurrengo txapelketa garrantzitsua ekainean du, Italian, Summer Cup-a edo Udarako Kopa. Espainiako selekzioarekin dijoa, mundu mailako txapelketara. Otsailean ere mundu mailako txapelketa batean izan zen Alemanian, eta badaki Italian nolako maila aurkituko duen: «nibel haundia dago» aitortu du hernaniar gazteak. Errusiarrak eta serbiarrak dira maila horretan ondoen ibiltzen direnak eta Italian partidu bat irabaztearekin konformatuko litzateke Maider Martin, baina «ahal dena egitera» dijoala argi utzi du.

Nike txapelketak
Azken aldian irabazi dituen sarietan, bada beste bat garrantzia haundikoa, Aste Santuan Nike txapelketako lehenengoa irabazi baitzuen Bartzelonan. Nike-k 5 txapelketa antolatzen ditu Estatuan eta zortzi tenislari onenek masterra jokatuko dute irailean. Orain Sevillan da bigarren txapelketa, baina Hernaniko jokalariak ez dauka joateko modurik. Hurrengoa, ordea, Valentzian izango da eta hara joateko asmoa badu, masterrera sailkatzeko puntuak lortzeko helburuarekin.

Kadete mailara saltoa
Maider Martinek 13 urte ditu eta aurtengoa du infantil mailako bere azken urtea. Datorren urtean kadetea izango da eta bera baino jokalari zaharragoen kontra jokatzea egokituko zaio. Euskal Herrian kontrariorik ez duela ikusi du, aurten junior mailako txapeldun geratu baita, baina hortik aurrera hortzak estutu beharra izango du seguruenera. Bera horretarako pronto dago.

Eskubi kolpe gogorra

Hernaniarra lurrean moldatzen da hobeto, pista gogorrean baino, eta eskubi kolpea du bere armarik onena. Indarrez ondo moldatzen da eta eskubiarekin min egiten du. Hobetu beharrekoetan sakea da berak garrantziarik gehien ematen diona: «ez naiz gaizki moldatzen, baina hobetu beharra daukat» adierazi dio Kronikari. Eta fisikoa lantzeaz gain, psikologiak ere eragin haundia du tenisean, buruz buru aritzen baitira ia beti. Bere garaian psikologo bat izan dute laguntzaile.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!