Pausoz pauso, auzo udala sortzeko bidean

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 31a, 02:00

Auzo udala sortzeko bidean, pausoak ematen ari da Ereñotzuko auzo elkartea eta joan den asteburuan batzarra izan zuten, bertako bizilagunek. Auzo elkartearen iritzian, auzo udalak zer konpetentzia beharko lituzkeen zehaztu dute, eta Udalarekin negoziatu behar dituzte orain puntu horiek. Hurrengo pausoa konpetentzia horiek garatzeko aurrekontua adostea izango litzateke.

Lau arlo desberdin
Udal zerbitzuak lau atal desberdinetan banatu dituzte eta arlo bakoitzean konpetentzia nork beharko lukeen proposamena egin du Ereñotzuko auzo elkarteak:

1) Zerbitzuak eta azpiegiturak: ura, argia, jardinak, bideak, baso zaintza, kale garbiketa, bankuak, zakarrontziak... auzo udalak proposatzen du erdi eta erdi kudeatzea arlo hauek Hernaniko udalak eta auzo udalak.
2) Kultura, kirola eta aisialdia: Auzo udala izango litzateke alor honetan protagonista Hernaniko Udalaren laguntzarekin.
3) Oinarrizko gizarte zerbitzuak: adineko pertsonen zaintza, adineko pertsonen aisialdia, familia eta elkarbizitza, haurtzaroa eta gazteria, elbarrientzako zerbitzuak... auzo udalak proposatzen du erdi eta erdi kudeatzea arlo hauek Hernaniko udalak eta auzo udalak.
4) Gai administratiboak: hirigintza baimenak, zerga eta tasak... auzo udalak proposatzen du Udalak izatea eskumena, eta auzo udalak zerbitzua auzotarrei gerturatzeko ahalegina egitea, eskaerak Ereñotzun bertan seilatzeko aukera izatea...

Pausoz pauso
Auzo elkartea legez sortzeko hauek dira jarraitu beharreko pausoak: edukiak eta aurrekontua onartu Udal Plenoak; auzoan referenduma egin eta memoria bat osatu, ikusteko herriari ez diola kalterik eragiten eta auzoari mesede egiten diola; eta azken pausoa litzateke Diputazioak onartzea.

Apaizetxea, aurreratua
Ereñotzun, auzo udala sortzeaz gain, auzoaren beharretarako eta etorkizunean auzo udala kokatzeko Apaizetxea zenean ari dira obretan, Hernaniko Udalak eta Behemendik diruz lagunduta. 2006an sinatu zuten hitzarmena Hernaniko udalak eta Gotzaitegiak, Apaizetxea zena Udalari 30 urterako dohain uzteko. Helburua auzotarren beharrak aseko zituen lokal bat egokitzea zen eta etorkizunean auzo udalaren egoitza bertan jarriko lukete. Hitzarmenaren ondoren, eraikina guztiz berritzeko obrak hasi zituzten Apaizetxean, eta zati haundi bat egina dago dagoeneko, beste zati haundi bat falta bada ere. Udalak eta Behemendik jarri dute dirua: Udalak 2007ko aurrekontuan 241.000 euro inguru jarri zituen eta 2008ko aurrekontuan, 40.000 euro. Behemendik, berriz, 90.000 euro jarri zituen 2007an eta 40.000 euro 2008an. Diru honen zatirik haundiena gastatua dago oinarrizko obra egiten eta falta denarekin areto nagusia ekipatu eta lehenengo solairua egokitu nahi da.

Herritik aparte dagoen auzo baten beharrak

Auzo udalaren gaia behin baino gehiagotan atera da azken urteotan, baina jendea kokatze aldera, oinarrizko arrazoien inguruan galdetu diegu Ereñotzuko auzo elkarteko kideei. Herri gunetik hain urruti egoteak, ahaztura sortzen du askotan eta ez dira kontuan hartzen bertako herritarren oinarrizko beharrak. Ereñotzu Hernaniko herri gunetik sei kilometrora dago eta aldi berean oso sakabanatuta daude etxeak. Garraiobide publiko oso gutxi dago eta adineko, ume eta kotxerik ez duten auzotarrek zailtasun haundiak dituzte Hernanira etortzeko. Horrez gain, oinarrizko zerbitzurik ez da auzoan. Beraz, kaleko biztanleek duten gizarte-kalitatera gerturatzeko, erreminta ona izan liteke auzo udala, zenbait zerbitzu gerturatu eta bertatik gestionatzeko. Auzo elkarteak argi utzi duena da, inoiz ez dutela herri izatea eskatu, helburuak bizi kalitatea hobetzea eta auzoaren identitatea mantentzea dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!