EKAINAREN 28a, Gay, Lesbiana eta Transexualen Nazioarteko Eguna da, eta gai horren bueltan urteak lanean daramazkien Gehitu elkarteak eta Udalak ekitaldiak antolatu dituzte, gai horren inguruko aldarrikapenak kalera ateratzeko helburuarekin.
Asteartetik aurrera erakusketa
Asteartetik aurrera Emakume eta gizon homosexualak historian zehar izeneko erakusketa ikusi ahal izango da Biteriko pasiloetan. Guztira 26 panelek osatzen dute erakusketa eta bakoitzean ikusi ahal izango da historian zehar pisua izan duen pertsona baten argazkia eta biografia. Pertsona guzti hauek homosexualak izan dira. Adibide batzuk aipatzearren, honako pertsonen berri emango dute panelek: Safo greziar olerkaria; Sor Benedetta XVII mendeko italiar monja; Virginia Wolf Londresko idazlea; eta Chavela Vargas musikari mexikarra. Koldobide Mujikak azaldutakoaren arabera, pertsona hauetako asko famatuak izan arren, beren joera sexuala izkutuan mantendu da: «erakusketa honen helburua, batetik, haiekiko justizia egitea da eta jendea informatzea; eta beste alde batetik, petsona homosexualen erreferenteak ematea, batez ere gazteei». Koordinatzaileak azpimarratutako beste puntu bat da saiatu direla historiaren aro ezberdinetako pertsonak erakusketan jartzen, baina V-XVI mendeen artean hutsune izugarria somatu dute.
Ekainaren 7an ekitaldia
Abesbatza eta antzerki emanaldia da antolatu duten beste ekitaldi bat. Larunbatean izango da Milagrosan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Ordu horretan Gehitu eta Irungo Kabigorri abesbatzek emanaldia eskainiko dute. Jarraian Cristina Castillo aktoreak Ser o no ser visibles bakarrizketa eskainiko du. Gehituko koordinatzaileak azaldutakoaren arabera, aurtengo ekainaren 28rako azpimarratu duten gaia izan da emakumezkoek, lesbianek, beren joera sexualak plazaratzeko dituzten zailtasunak: «nahiz eta legalki homosexualek eskubideak lortu, arlo horretan ere gizon eta emakumeen arteko berdintasuna ez baita lortu gizartean» azaldu du. Antzerkia ere gai horren bueltako hausnarketa izango da.
Ekainaren 2tik 19ra:
l Erakusketa: Emakume eta gizon, homosexualak historian zehar. Historian zehar pisua izan duten gizon-emakume homosexualen panelak jarriko dira, argazki eta biografiarekin. Guztira 26 panel. Biteriko pasiloetan, goizeko 09:00etatik 22:00etara. Larunbatean 11:00etatik 13:00etara.
Ekainaren 7: l
Abesbatzen emanaldia: Gehitu abesbatza eta Irungo Kabigorri abesbatzen emanaldia. Arratsaldeko 18:00etan, Milagrosan.
lAntzerkia: Ser o no ser visible, Cristina Castilloren bakarrizketa. Antzerkiaren ardatza da lesbianek beren sexu orientazioa plazaratzeko dituzten arazoak. 20:00etan, Milagrosan.