«Disko gehienak oso serioak izaten dira, gurea dantzarako da»

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 29a, 02:00

Musika beltza txuriek egina, horixe da Esne Beltza musika taldea Fermin Muguruzaren hitzetan. Horrez gain, etxez etxe banatzen den esneari ere esne beltza esaten zaio eta Hitlerrek ere esne beltza deitzen zien bere gustokoak eta «puruak» ez zirenei. Ideia guzti horiek bilduta jarri zioten taldeari Esne Beltza izena, orain urtebete inguru eta lehen diskoa kaleratu berri dute, Made in Euskal Herria. Baina, Made in Hernanitik ere badu talde honek: Xabier Solano da proiektuaren sortzaile nagusia; Pello Gorrotxategi eta Jon Mari Beasain musikarietako bi dira; Aitor Saizar eta Juanbau Larburu Flautis dira teknikariak; letrarik gehienak Jon Garmendia Txuriak egin ditu eta Maialen Lujanbiok ere bai bat... Guztira, 9 musikari igo ohi dira oholtza gainera, proiektu edo talde desberdinetan ibiliak guztiak: Etzakit, Izotz, Joxe Ripiau, Su ta Gar, Fermin Muguruza... bakoitzak berea aportatu du eta horrek izaera eta doinu berezia eman dio taldeari «mestizaje» erabatekoa. Eta diskoan ere «nahasketa haundia nabaritzen da» Solanok azpimarratu duenez, eta lanik haundiena «guztiak ardatz berdinean sartzen» egin dute, Gorrotxategiren hitzetan.

Disko «freskoa»
Esne Beltza taldeak festa giroa jartzea izaten du helburu bere kontzertuetan, eta diskoak ere izaera hori du, «dantzarako da». «Disko gehienak oso serioak dira, baina gurea ez» azpimarratu dute bi taldekideek. Izan ere, zuzenekoaren filosofia beretik egin dute diskoa eta zuzenean jendea saltoka jartzen badakite. Orain arte ibili diren taldeetatik dakarkite eskarmentu hori eta orain arteko kontzertuetan jendea mugitzea beti lortu dute «nahiz eta batzuetan egokitu jendea serioago egotea ere, baina azkenerako lortzen dugu mugitu araztea». Kanta gehienak Xabier Solanok egin ditu, eta lokalera eraman eta moldatzen dituzte denen artean. Etxean gitarra edo soinuarekin edo kotxean dijoala egiten du kanten oinarria, eta talde guztiak ematen dio gero forma. «Hasieran asko kostatzen zitzaidan, baina orain kanta bat egitea erraza da niretzat» aitortu du musikari ereñotzuarrak. Letrak berriz, Jon Garmendia Txuria bertsolariak egin ditu gehienak eta Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariek ere egin dute letra bana. Gaiak berriz, normalean ateratzen direnak dira Esne Beltzako kideen hitzetan: «betiko arazoak, maitasuna... gai politikoak... baina disko honetan gai politikoa lantzen dutenak ez dira hainbeste».

Kolaboratzaile ugari
Taldeko bederatzi kideez gain, bertako nahiz kanpoko kolaboratzaile ugarik hartu dute parte diskoan. Fermin Muguruzarekin jiran dabilela kontaktu asko egiteko aukera izan du Solanok eta Mexiko, Argelia edo Italiako musikariek hartu dute parte, eta bertako Sorkun, Fermin Muguruza eta abar luze batek. Horrek diskoa asko jazten du, Solano beraren hitzetan. Gaztelupeko Hotsak disketxearekin atera dute disko berria, eta Hernanin eskuratu nahi duenak salgai du Elkar-dendan, lehengo Leten.

Ekaina, bete betea
Diskoa atera berritan aurkezpen kontzertuak izaten dira normalean, baina Esne Beltzak negu alderako utziko du lantegi hori. Orain herriz herriko kontzertuak emango dituzte eta ekaina bete betea datorkie gainera. Bila asko ibili gabe etorri zaizkie kontzertu asko eta oraindik ere gehiago izango dituzte. Hernanin entzun nahi dituenak San Antoniotan izango du lehenengo aukera, Ereñotzun. Iaz ere «kontzertu sorpresa» eman zuten Ereñotzuko festetan, baina aurten izango da kontzertu ofiziala. Horrez gain, Portuko festetan eta Zikuñagako festetan ere joko dute, Esne Beltzaren giroaz gozatu gabe hernaniarrik geratu ez dadin. Horrez gain, Euskal Herriko herri askotan dituzte kontzertuak eta Euskal Herritik kanpora ere bai, hemengo taldeak beso zabalik hartzen dituzten Katalunia aldean. Aurrera, kanpora ateratzeko asmoa badute Alemania, Italia...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!