TIBETI buruzko jardunaldien barruan, Tibeteko mandala erakusketa antolatu dute eta gaur izango da ikusteko azken eguna. Mandalak Tibeteko monjeek egiten dituzten marrazkiak dira, eta material ezberdinez egiten dituzte. Atzo, koloretako hondarra erabilita egin zituzten mandalak, eta gaur ere hala ariko dira. Larunbatean Tibeteko artisautza eta jakiak ikusi eta dastatzeko aukera izango da, Plaza Berrin. Asteartean Tibeteko errealitatea azaltzen duen dokumentala eman zuten Biterin.
Txinaren makilapean
Asteartean Tibeteko egoerari buruzko dokumental bat ikusteko aukera izan zen Biterin, Atisha elkartearen eskutik. Umetan Tibetetik alde egindako lagun batek egindako dokumentala da, bueltan Tibetera sartu eta ezkutuko kamara batekin imaginak hartuta. Dokumentala gazteleraz eman duten lehen aldia izan da eta hango egoeraren gogorra ikusi zuten Biterira inguratu zirenek. Txinak polizia eta soldadu ugari bidaliak ditu Tibetera «hogei biztanleko militar bat» eta errepresioa izugarria da dokumentalean ikusi litekeenez. Txinako gobernuak egiten dituen gehiegikeriak salatu, bere eskubideak aldarrikatu edo Tibeten independentziaren alde egiten duen edonork ondorio jakinekoa du: tortura eta kartzela, eta zenbait kasutan heriotza. Nomadak herri fantasmatan miserian egotera kondenatzen dituzte, zenbait emakume antzutu, esplotaziopean lan egin arazi... baina ezer gutxi iristen da gurera, horrelako jardunaldietan salbu.