GOBERNU batzarra izan zen asteartean eta beste hainbat punturen artean San Joanetako egitaraua eta aurrekontua onartu ziren, 136.970 eurokoa. Horrez gain, San Joanak iragartzeko kontzertuaren egitaraua eta aurrekontua ere onartu ziren, ekainaren 14an egingo dena. San Joanetako eta Preludioko egitaraua www.hernani.net web orrian aurki daitezke, nahiz San Joanetako egitarauaren kasuan aldaketa txiki batzuk egingo diren.
Beste hainbat puntu
Gobernu batzarrean Tellerigainen, etxe gorrien eta hilerriaren artean, etxeak eta garajeak egiteko baimen eskariari baiezkoa eman zitzaion. Buruntzaldeko airearen kalitatea neurtzeko hitzarmena ere onartu zen, Eusko Jaurlaritza, EHUko Kimika Fakultatea eta Hernani, Andoain, Lasarte eta Astigarragako Udalen artekoa. Asmoa da beste dispositibo bat jartzea airearen kalitatea neurtzeko. Garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza eta sentsibilizazio programak garatzeko diru laguntzen oinarriak ere onartu ziren. Hemendik gutxira argitaratuko dira boletinean eta hortik aurrera proposamenak aurkeztu ahal izango dira. Ura, zaborra eta estolderiaren tasak ordaintzeko diru laguntzak ematea ere onartu zen. Laguntzak emateko diru sarrerak hartuko dira kontuan eta ekainaren 2tik abuztuaren 1a bitartean egin behar dira eskariak erregistroan. San Markos Mankomunitateari eman beharreko ekarpena ere onartu zen.
Kultur programentzako diru laguntzek onarpenik ez
Bestalde, Hezkuntza, Kultura eta Euskara batzordea izan zen asteartean. Bertan kultur programa eta jardueretarako diru laguntzak emateko oinarriak aztertu ziren. Gobernu taldeak oinarri berriak osatzeko prozesua hasi zuela eta, talde ezberdinen ekarpenak jaso ondoren proposamen bat osatu zuen. Proposamen hau ez zen batzordean aurrera atera, ez baitzuen oposizioko alderdien babesik jaso. Alderdi hauek beren ekarpenak egin nahi dituzte.
San Joanetako kartela
San Joan jaietako kartel lehiaketako irabazlea ere erabakita dago, Naiara Salamanca Barrigaren lana izan da aurtengo aukeratua. Plaza eta San Joan sua agertzen dira.