Hernaniko Udalak amiantoa izan lezaketen eraikinen inbentarioa egin du, INEMekin elkarlanean eta datuek diote 268 etxebizitza daudela amiantoa izan lezaketenak, 88 enpresa eta 12 baserri inguruetako eraikin. Txabola teilatuetan, garaje teilatuetan, uren kanaletan, tximinietan, saneamendu tuboetan, baratzeko ur biltegietan eta abarretan azaltzen da amiantoa, ezaugarri teknologiko onak izanda, nahiko merkea delako. Baina osasunerako kaltegarria da, biriketako gaitza edo minbizia sortu bailezake besteak beste, kasu askotan amianto fibrekin kontaktu haundia izan eta 10-20 urtera. Hori dela eta, gaur egun galerazia dago Europar Batasunean amiantoa duten materialak erabiltzea, baina garai batean jarritakoa hor dago eraikin askotan.
1960-1984 urte artean
Amiantorik gehien erabili zen aldia 1960-1984 urte artekoa izan zen. Udalak egindako inbentarioak, herriko eraikin guztiak arakatu ditu kanpotik, amiantoa izateko arriskurik baduten ikusteko, baina barrutik arakatu dituen bakarrak 60-84 urte artean egindakoak dira. Inbentarioa egiten hasteko lehenengo erabakia 2005eko apirileko plenoan onartu zuen Udalak, CCOO sindikatuak aurkeztutako mozioa hain zuzen ere. Mozio horretan udalak zenbait konpromiso hartu zituen, besteak beste, amiantoa duten eraikinen inbentarioa egitea. Lehen fasean (2005-2006) amiantoa izan lezaketen Udal eraikinen inbentarioa egin zuen Udalak aparejadore bat kontratatuta; eta bigarren fasean (2006-2007) amiantoa izan lezaketen herriko eraikinen inbentarioa egin dute, bi aparejadorek, 2007ko urritik 2008ko martxora. Atzo, inbentario horren emaitzak azaldu zituzten prentsaurrean Marian Beitialarrangoitia Alkateak; Marijo Garzia Lan Arrisku Prebentzio, Segurtasun eta Osasun Teknikariak eta Olatz Urrutibeaskoa Ingurumen Teknikariak.
Ordenantza berria
Hernanin egin den bezalako inbentarioa oso herri gutxitan egin da, atzo prentsaurrean azaldu zutenez, baina oraindik pauso bat gehiago eman nahi du Udalak, ordenantza bat sortzea, eta horren eskaera egin dio INEMi. Udal ordenantza horrek, amiantoa duten eraikinak eraberritzean jarraitu beharreko protokoloa bilduko luke.