Amnistiaren Aldeko Mugimenduko inputatuak babesteko testuak oniritzia jaso zuen

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 27a, 02:00

PRESO batzordea izan zen joan den astean eta bertan herritar batek aurkeztutako testua aztertu eta eztabaidatu zen. Testuak funtsean Udalari eskatzen dio Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketan inputatutako pertsonei babesa emateko, bereziki Hernanin bizi den J.M. Olanori; eta baita Espainiako Audientzia Nazionala desagertzea exijitzeko. Testuak batzordearen oniritzia jaso zuen, Gobernu taldeko kideen aldeko botuarekin. Batzordean izan ziren Ezker Batuko eta EAJ-PNV alderdiko kideek aurka bozkatu zuten. PSE-EE, EA eta PP alderdiko kideak ez ziren batzordean izan.

Errepresioa
Oniritzia jasotako testuak «azken 30 urteetan espainiar eta frantziar estatuen errepresioa» salatzen du sarreran. Hernaniren kasuan errepresioa latza izan dela aipatzen du testuak: «atxilotuak, inkomunikatuak, torturatuak, espetxeratuak, dispertsatuak, gaixo egon arren espetxean mantendu dituztenak, bizi arteko espetxe zigorrera kondenatuak, deportatuak, exiliatuak, gerra zikina pairatutakoak, hildakoak, poliziaren bortizkeria jasandakoak...». Egoera horren aurrean errepresioaren kontrako borroka piztu dela ere aipatzen du eta lan hori egiten duten milaka herritar Amnistiaren Aldeko Mugimenduan antolatuta daudela. Horrekin batera dio Espainiar Estatuak Amnistiaren Aldeko Mugimendua desagerrarazi nahi duela «herri honi errepresioa mugarik gabe ezartzeko». Udalari honako puntuen alde egiteko eskatzen zaio: - «Babes eta elkartasun osoa adieraztea epaiketan inputatuak dauden pertsonei eta bereziki J.M. Olanori». - «Epaiketan sortuko diren gastuei aurre egiteko diru laguntza ematea, epaiketan inputatutako pertsonei» -«Espainiar justiziaren bidez kriminalizatu nahi dituzten AAM-ko erakundeek beraien lan politiko eta soziala egiteko zilegitasun osoa dutela, eta orain arte bezala, elkarlanean jarraitzeko borondate osoa dugula». -«Amnistiaren Aldeko Mugimendua epaitzen duten honetan, udalbatza hau ere epaitua sentitzen dela, mugimendu honetako eragileek planteatutako hainbat konpromiso gure gain hartu izan ditugun heinean». -«Euskal Herritarron aurka jarduteko espresuki sortua den Audientzia Nazionalaren desasgertzea exijitzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!