Bizikleta martxak emango dio jarraipena trenaren kontrako aldarrikapenei

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 27a, 02:00

ATZO pasa zen Hernanitik Euskal Herrian barrena dabilen Gelditour furgoneta. Abiadura Haundiko Trena gelditzeko aldarrikapena eta informazioa zabaltzea ditu helburu. Ekimena Euskal Herriko talde, alderdi eta sindikatu ezberdinek osatzen duten AHT Gelditu! Elkarlanak antolatu du eta asmoa da AHTk zeharkatzen dituen herrietatik pasatzea. Hernanira atzo arratsaldean iritsi zen, Plazara, eta arratsalde osoan zehar bideoak eta panel informatiboak izan ziren kamioiaren bueltan. Gaur Lezo eta Orereta aldera abiatuko da. Larunbatean Donostiara iritsiko da eta bertan jaialdia eta manifestazioa izango da.

Bizikleta martxa gaur
Gelditour ekimenaren bueltan Gazte Asanbladak AHTren kontrako astea antolatu du. Gaur bizikleta martxa aterako da, arratsaldeko 19:30etan, Gaztetxetik. Bihar Hernaniko AHTren kontrako taldeko kide batek hitzaldia emango du, Biterin, ordu berean. Ostegunean, AHTren kontrako parodia izango da, arratsaldeko 18:00etan herrian barrena; eta 19:30etan, apeaderoan kontzentrazioa. Ostiralean, AHTren kontrako manifestazioa aterako da, Plazatik. Gaueko 22:30etan Trifulka eta Ania-ren kontzertua izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!