Horixe esanaz eta Euskal Herriaren eta Nafar Estatuaren askatasuna eskatuz bukatu zuten Ausa-Gazteluko ekitaldia, Hernanialdeko, Gipuzkoako eta gainerako lurraldeetako «nafartarrek». Izan ere, joan den asteburuan 100 lagunetik gora joan ziren Larraitzetik Ausa-Gaztelu mendira eta bertan komunikatu bat irakurri, Nafarroako Gorteetako ereserkia, Erribera eta bertsoak kantatu zituzten. Ondoren Larraitzera jaitsi ziren lagun arteko bazkari ederra egitera.
«Nafarroa herri askea zen»
Mendi tontorrean irakurri zuten komunikatuak nabarmentzen du garai batean Nafarroa herri askea zela «gobernu burua zuen, Gorteak, Kontseilua eta armada; Europan ordezkaritza zuzena zuen eta Konstituzio maila zuen». Inguruko herrien «inperio goseak» desegin zuen Nafarroako Estatua, Ausa-Gaztelun adierazi zutenez eta aldarrikapena egin zuten «inoiz Nafarroa izan den lurraldeko biztanle guztiok Estatu bakar batean berriro elkartzeko eskubidea, herritarrok hala erabakitakoan eta egungo lurralde banaketaz gaindi».