Urederrako iturburua Igarabaren azken txokoa

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 25a, 02:00

Mendiriz mendi

Mendiriz Mendik proposatutako ibilbidea Urbasa eta Andiako Parke Naturalean kokatua dago oraingoan; Nafarroako Bakedano herritik abiatuta. Urederra Urbasa eta Andiako Parke Naturalean kokatuta dago. Bere ingurumenaren balioagatik (paisaia, fauna eta flora) eta duen aberastasunagatik Nafarroako Gobernuak 1987garren urtean Erreserba Naturala izendatu zuten.

Nola iritsi Hernanitik

Zudairi herriraino joan behar da eta bertatik Bakedanora. Zudairira joateko aukera ezberdinak daude. Bi aipatuko ditugu: Altsasura hurbildu N-1 errepidetik eta bertan Urbasako errepidea (NA-718) jarraitzea da lehenengo aukera. Bigarren aukera da A-15 autobidea jarraituz Iruñera hurbiltzea eta bertan A-12 autobidea hartzea Lizarraraino. Lizarran Gasteizeko norabidea jarraitu eta handik kilometro gutxi batzuetara Zudairira eramango gaituen errepidea hartu (NA-718).

Ibilbidearen deskripzioa

Elizaren atzeko aldetik, jatetxe baten albotik pasatzen den asfaltuzko bidea jarraitu behar da. Herriko azken etxeen albotik igarotzerakoan asfaltuzko bidea lurrezko pista bihurtzen da. Pista jarraitu, arte zahar batzuk dauden tokira iritsi arte. Hemendik Urederra haranera, beheko aldera doan pista hartu. Bideak ez du galerarik, egin behar den gauza bakarra errekaren ezker bazterra jarraitzea da (kontuan izan ibaien bazterrak ur-korrontearen norabidearekiko kontuan hartzen direla). Pista berehala bidezidor bihurtzen da. Piskanaka gora egiten du. Bidexka jarraitzea erraza da. Erreka bazterrari ahal den hurbilen jarraitu behar zaio, errekak eskaintzen dituen aukerez gozatzeko. Ur-jauzi batera iristean, erreka gurutzatu eta beste aldera pasa behar da. Goraxeago, eskaloiak dituen bidexka bat dago. Horri jarraitu eta iturburura eramango gaitu. Itzulia leku beretik egiten da.

Kontu interesgarriak

Urederra Urbasaren bihotz karstikotik sortzen den erreka da. Urbasak jasotzen dituen ur gehienak kobazulo eta lurrazpitik ibili ondoren hemendik dute ateera. Urteen poderioz uraren higadura lanak Urederrako zirko ikusgarria eratu du. Zirkua 300 metroko desnibela hartzen duten kareharrizko amildegiz osatuta dago. Iturburua zirkuaren erdialdean aurkitzen da. Euri asko egiten duenean 30 metroko altuera har dezakeen ur-jauzi ikusgarria sortzen da bertan. Urederra erreka zoragarria da, landare eder eta urdin-turkesa koloreko putzu gardenen artean egiten du urak bidea. Ibilbide guztia itzaletik egiten da. Bidexketatik putzuak, ur-lasterrak eta ibaiaren bidean sortzen diren ur-jauziak ikus daitezke. Ibilbidean pagoak dira nagusi. Oso nabarmena da zuhaitz, zuhaixka eta flora aniztasuna; eremu txiki batean, espezie ugari aurkitzeko aukera dago. Fauna ere ugaria da. Inguru hauetan hegazti mota asko aurki daitezke, baita beste leku batzuetan urriagoak diren ugaztunak (basakatua, lepazuria, azkonarra edo basurdea). Azkenik esan, inguru hauek direla Euskal Herrian igarabaren (Nutria nutria) azken txokoak. Edozein une da ona Urederra bisitatzeko. Udaberrian hosto berrien kolore berdeaz gozatuko dugu, udaran basoko itzalpeaz, udazkenean gorri, hori eta laranja kolore nahasketa ikusgarriaz eta azkenik neguan, elurraren zuritasunaz. Basoaren kolore horiek inguruko kareharriaren eta harriak eta enborrak estaltzen dituen goroldioaren kolore berde biziarekin nahasten dira beti. Iturburuaren goiko aldean, historiaurreko aztarna megalitikoak daude, esaterako, Bakedanoko Puerto Viejo trikuharria eta Zurgaingo tumulua. Ibaiaren ibilguak eraginda funtzionatu zuten: bi irin-errotak (Zudairi eta Artatza), bi ibai-burdinolak (Bakedano) eta arma fabrika batek (Bakedano). Gaur egun, iturburuko urak zentral hidroelektriko bat elikatzen du (Zudairi). Ezkerreko aldean, Erdoitza herria zegoen, baina XIV. mendetik ez da inor ere bizi bertan. Ingurune honetako aberastasuna dela eta, guztion ardura da berau babestea. Beraz, kasu egin seinaleei, bidetik ez irten eta jarraitu adierazitako ibilbidea. Errespetatu abereak eta lotuta eraman txakurra.

DATU INTERESGARRIAK:

  • Distantzia: 6 kilometro.
  • Denbora: 3 ordu.
  • Desnibela: 250 metro.
  • Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
  • Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta. Prismatikoak izanez gero, komeni eramatea, hegaztiak ikusteko.
  • Mendiriz Mendik ekainaren 8an egingo du irteera hau gaztetxoekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!