«Haurtzaroa da jendea izorratzeko aro ederrena»

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 25a, 02:00

Ertzetako komunukazioak du izena Gorka Setienen poema liburu berriak. Hainbat urtez libururik argitaratu gabe egon ondoren duela bi urte plazaratu zuen Aparkalekuko felizidadia liburuxka. Lan horrekin hainbat errezitaldi eskaini zituen herriz herri. Orain berriz, hiru ataletan banatutako poema liburu autoeditatua argitaratu du. Liburua bere kontutik argitaratzea zergatik aukeratu duen galdetuz hasi dugu elkarrizketa.

Gorka Bereziartua

Autoeditatu egin duzu liburua, zergatik?

Nahiko sinplea da: editorial batekin saioa egin nuen eta ia urtebete pasa dut erantzunik gabe. Gogoa neukan liburua argitaratzeko, baina ez liburuarekin atez ate ibiltzeko. Nik atera dut eta zabalpena ere nire kontutik egingo dut. Hasi naiz zabaltzen, oso gutxi oraindik, baina bueno, presa haundirik ere ez daukat.

Non dago salgai?

Orain bertan hiru tokitan dago: Bilbon Gatazka gunean, Errenteriako Mikelazulon eta Hernanin Kitto tabernan. Leku gehiagotan jartzen saiatuko naiz, Iruñeara joateko asmoa daukat eta gaztetxeren batera ere bai.

Ertzetako komunukazioak jarri diozu izena. Ez da liburuan dagoen hitz joko bakarra: herri jasotzailea, asepsianatoa...

Jolasa da azkenean, hitz batzuei bigarren edo hirugarren zentzua bilatzea. Hasieran liburuaren tituluan ´komunikazioa` jarri nahi nuen, baina esan nuen: ´komunikazioa? hainbeste komunikatzen omen garen garai hauetan?`. Ez dakit hainbeste komunikatzen ote garen, akaso komunikazioaren ukazio bat dago. Hortik abiatu nintzen, jolas bat bezala egiten. Eta ertzetakoa akaso nik gauzak ikusteko hartzen dudan lekuarengatik da.

Askotan aipatzen duzu liburuan ertzarena. Marginalitatea aldarrikatzeko modu bat da?

Ez dakit marginalitatea den, baina zenbait pentsamendu eta sentimenduk jendarte honetan ertzera eramaten zaituzte azkenean, ez direlako onargarriak. Edo neronek hartzen dut jarrera hori homogeneitate kulturalarekin diferentzia bat egiteko. Badirudi marginala gogorra dela, baina poema batean aipatzen dut ertzetan bizi arren jende goxoa garela. Bizi zaitezke ertz batean oso modu humanoan.

Homogeneitate kulturala esan duzu. Telebistak saltzen duen homogeneitateaz ari zara ala gure mundu hurbilaz ere bai?

Dena da auzitan jartzekoa. Kultura eta morala batera dijoazte. Adibide bat: badago lanarekiko halako miresmen moduko bat, gure kulturan oso sartua dagoena eta niri ergelkeria hutsa iruditzen zaidana.

Poemen artean asko errepikatzen da euria motibo modura. Zergatik?

Horrela da, eurizale amorratua naiz. Euria eguzkia bezainbeste maite dut, edo gehiago. Goxotasuna ematen dit, barruak mugitzen dizkit.

Baina eguraldiaren partean ´eguraldi txarra` dela esaten dute...

Esamoldeak dira. Txarra omen da euria... Baina jendea euriaren zain. Kejatu egin behar dugu, beroa egiten badu beroaz, euria egiten badu euriaz. Euriarena nire barruko zerbait da, euria ari duenean piztu egiten naiz barrutik eta horrek gainera idazteko gogoa sortzen dit, pentsatzekoa, ibiltzekoa...

Asko azaltzen den beste ideia bat haurtzaroa da, umeak. Poesia haurtzarora bueltatzeko tresna da zuretzat?

Ez. Haurtzaroa da jendea izorratzeko aro ederrena eta uste dut hori nahiko nabarmena dela ikusirik helduak ze umeak garen: badago osatu gabeko haurtzaro bat, ondo izorratua. Hor oinarritzen dira hainbeste gauza, nik horren aldarrikapena egiten dudala. Ze gainera, haurrak gu baino askoz azkarragoak dira. Gu askoz mugatuagoak gaude, kulturak mugatu gaitu, egurrak mugatu gaitu...

Muga horiek jartzerakoan eskolak izango du zeresana. ´Dinamita ditzagun eskola guztiak ea nor kexatzen den` diozu poemetako batean.

Bideratuak gaude; eskolen itxura eta programazioa ikustea besterik ez dago. Ze ibilbide egin dugun, zenbat energia gastatu ditugun eskoletan... eta alfer alferrik! Soldaduska bezala da, gaur egun planteatzen den bezala, nik gorrotatu egiten dut eskola, pertsonak izorratzeko beste modu bat iruditzen zait. Hortik bakoitza ahal den moduan salbatzen da, eta ahal dugun lekutik ateratzen gara. Eskerrak gaitasun hori badaukagun oraindik.

Poesia izan daiteke hortik salbatzeko modu bat?

Poesia nire mundu ikuskera da. Liburu hau nahiko gogorra da, umore gutxiko poesia da batez ere lehenbiziko bi zatietan, edo umorea baldin badauka ere ironikoa da, beltza, zinismo pixka bat ere bai...

Alde gogor horrekin lehen aipatu duzun samurtasuna ere badago ordea.

Egunerokotasuneko kontuak daude. Badaukat lagun bat, berak ere idazten du, eta esaten du poesia idazteko egunerokoa bizi behar dela poesia izango balitz bezala. Hori besterik ez da: azkenean denda batera sartu eta nahikoa duzu segundu bat, denda horretan ikusi duzun gertakizun bat, hitzetan jartzeko. Jaikitzen zarenetik zenbat estimulu izaten dituzun, horixe da.

Zenbat denbora hartu dizu liburua idazteak?

Orain dela urte pare bat poema liburuxka bat kaleratu nuen, Aparkalekuko felizidadia, baina liburua atera gabe hogeita bi, hogeita hiru urte neramatzan. Hura editorial batekin atera nuen, baina ez zitzaidan gustu onik gelditu eta utzi egin nion liburu batean pentsatzeari, idazteari utzi gabe. Publikatu nituen poemak aldizkari desberdinetan, kolaborazio batzuk, letraren bat kantaren baterako... Baina harra beti hor neukan sartuta, beste liburu bat nahi nuela. Hogeita hiru urte beranduago azkenean egin dut. Nola idatzi dudan? Behin ere ez diot idazteari utzi. Hemengo poemak azkeneko hiru urteetan idatzitakoak dira. Idatzi, idatzi, idatzi, bildu, zuzendu, mila buelta eman eta azkeneko urtean egin dut bilduma ahalik eta txukunena. Beti idatzi izan dut eta oraindik materiala badaukat.

Hemendik aurrera liburu honetan sartu ez den material hori publikatzeko asmorik baduzu?

Bueno, hurrengo lanarekin hasi naiz, animatu egin naiz oraingo honekin. Ez dakit noiz izango den, baina ez ditut hogeita bi urte tardatuko.

Gustura geratu zara lan honekin, zure erritmoa jartzearekin alegia.

Bai eta martxa hartu diot. Hurrengoa ez dakit nola izango den, neronek editatuko dudan edo beste norbaitek. Gauza idaztea da. Gainera gertatzen dena da zerbait idazten duzula eta ´egin dut` esaten duzu. Baina gero konturatzen zara ´banatu egin behar dut, zabaldu egin behar dut`...

Hori ere zaila izango da, hau da, zuk liburua atera eta burua beste kontu batzuetan duzunean etortzen gara gu galderak egitera.

Bueno oraindik ere banabil liburu honekin. Lehengoan egin nuen aurkezpena Mikelazulon eta oraindik ere hor nabil, zurrunbilo txiki horretatik atera ezinda. Eta atera nahi dut, baina konturatzen naiz neronek egin behar dudala banaketa... Baina bueno, hurrengo kapituluan nago dagoeneko.

Hurrengo liburuko tonua antzekoa izango al da?

Ez, samurragoa izango da. Eta, ez dakit nola azaldu, diskurtsiboagoa-edo. Ni neu pertsona bera izango naiz, beti liburu bera idazten ari omen gara, baina modu samurragoan esango ditut gauzak, nahiz eta kalean ikusten ditudan gauzak ez diren batere samurrak; alderantziz, gero eta gogorragoak dira eta hori da niri interesatzen zaidana. Baina beste tonu lasaiago bat emango diot.

Zergatik aldaketa? Gogoa ematen dit.

Badauzkat apunte batzuk hartuak eta horiek berridazten ari naiz. Konturatu naiz poemak lasaiago ateratzen ari zaizkidala. Hori forma aldetik, ze edukia mundu honetan...

Azken poeman ´Geure buruaz beste/ gauza bat egin` diozu. Heriotza batetik, alternatibaren bat bestetik. Non kokatzen duzu zure burua?

Ertzean, amildegia eta zelaiaren arteko xenda horretan. Edo zure buruaz beste egiten duzu, edo zure buruaz beste gauza bat egiten duzu. Nik gure buruaz beste gauza bat egitearen aldeko apustua egiten dut.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!