Atejoka taldeak etxebizitzaren inguruko inkesta egin du azkeneko hilabeteetan Hernanin, kalean eta gazteen artean batez ere. Guztira 160 inkesta egin dituzte 17 urtetik gorako jendearen artean. Ondorio nagusiak honakoak dira: Etxebizitzaren arazoak herritarren gehiengoari eragiten dio; gazte gehienek etxetik alde egin nahi bai, baina ezinezkoa dute; dagoen eskaintza, alokairuarena, ez da erakargarria; jendearen diru sarreren zati haundi bat etxebizitzara bideratua dago, emakumeen kasuan are haundiagoa, diru sarrerak oro har baxuagoak direlako.
Etxebizitzaren arazoak
eragin zabala
Inkestaren emaitzen arabera, etxebizitzaren arazoak eragina du herritarren %91n. Elkarrizketatutako 18-23 urte arteko %92 gurasoen etxean bizi da eta horien %85ek adierazi zuen aukera izanez gero, joango litzatekeela; galdetutakoen 24-30 urte arteko %51 gurasoekin bizi da eta hauetatik %94ak joango litzatekeela adierazi zuen; 30 urtetik gorakoen artean, %16 gurasoekin bizi da eta %100a joango litzateke.
Adinean aurrera egin ahala, erosteko joera haunditu
Gurasoen etxetik kanpo bizi direnen artean, adinak aurrera egin ahala, alokairuan bizitzetik erosteko joera sumatzen da. 18-23 urte artekoen %66 alokairuan bizi da, %17 erositako etxean eta %17 bestela; 24-30 urte artekoen %69 alokairuan bizi da eta %31 erositako etxean; 30 urtetik gorakoen artean %20 bizi da alokairuan, %67 erositako etxean eta %13 bestela.
Alokairuzko etxeak,
etxe hutsetatik hasita
Atejokak, arazoari aurre egiteko, honakoak proposatu ditu: alokairuzko etxebizitza parke publiko erakargarria sustatzea, hutsik dauden etxe hutsetatik hasita. Horretarako, etxebizitza hutsen zerrenda sarean jarri du eskuragarri eta dei egin die herritarrei eguneratu dezaten. Zerrenda 2000garren urtekoa da eta eguneratzea da helburua. Etxebizitza hutsen zerrenda www.atejoka.jazztel.es web orrian dago eta atejoka@gmail.com da informazioa helarazteko helbidea. Bestetik, garrantzitsua da Atejoka elkartearen ustez, aldarrikapen hauek kaleratzea eta adieraztea «bai erakunde publikoei, bai espekulatzaileei».
Okupazioari buruzko
bilera ostegunean
Okupazioari buruzko xehetasun legalen inguruko bilera informatiboa izango da gaztetxean ostegunean. Arratsaldeko 20:00etan.