EGIN egunkaria eta irratia itxi zituztela 10 urte beteko dira datorren asteartean, uztailaren 15ean. Urteurren hori ez dute isilpean pasa nahi izan bertan lan egin zuten langileek. Egun honen bueltan EGINeko langile ohi batzuk bildu eta ekitaldi bat osatu dute, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko helburuarekin, eta baita auzi honetan espetxeratutako lankide ohiei elkartasuna adierazteko. Ekitaldia gaur arratsaldeko 19:00etan izango da, kiroldegiko frontoian.
10 urte pasa arren, oroitzapenak bizirik
EGINeko langile ohi batzuk Hernanin bizi ziren itxi zutenean eta bertan bizi dira gaur egun ere. Horien artean daude: Iñaki Zapiain, EGINeko admistrazio zuzendari izandakoa; Iñaki Etxandi, irratiko teknikaria; Jon Urbe, argazkilaria; Borja Goitia, diseinatzaile grafikoa; Bego Zubia, kazetaria; Amaia Ozaeta, publizitate langilea; eta Jon Altuna Oxan, infografia eta maketazioko langilea, esaterako. EGIN itxi zutela 10 urte pasa diren arren, ez dituzte ahaztu EGINen itxiera, uda hartan izan ziren mobilizazioak ezta egindako lana ere.
Iñaki Zapiain, 1977garren urtean hasi zen EGINen lanean, egunkariaren aurreneko alea atera zen urtean. Itxi zutenerako 21 urte zeramazkien bere lanpostuan. Gogoratzen du, uztailaren 15ean goizeko 04:00ak aldera telefonoz deitu zutela: «Eziago poligonora joan nintzen eta han zegoen polizia eta Garzon bera; berarekin hitz egin nuen. Hiru egun egon nintzen bertan testigu moduan. Momentu oso emotibo eta gogorra izan zen».
Jon Altuna Oxan-ek gogoratzen du, bezperan afaria izan zuela eta berandu iritsi zela lanera, EGIN itxi zuten egunean: «despertadoreak ez zuen jo, gerora konturatu nintzen despertadorea EGIN irratiarekin nuela jarrita; egunero Kalegorrian saioarekin esnatzen nintzen».
Jon Urbek, ere gogoan ditu egun hauek, aipatu duenez, berarentzat EGIN itxi ez balute bezala izan zen, itxieran eta ondorengo egunetan argazkiak ateratzen aritu baitzen.
Denek ere jendearen elkartasuna gogoratu dute: «itxi eta berehala jendea diruarekin etorri zitzaigun. Bazen jendea garai hartako 400.000 pezetarekin etorri zena, ordenagailuak edo behar genuena erosteko».
Epaiketaren erresoluzioaren zain
EGINeko langile ohiek azaldu dutenez «EGIN, ETAko talde armatuaren menpe zegoela argudiatuta itxi zuten, baina hiru urte geroago, arrasto nahikorik ezean, Espainiako Epaitegi Nazionaleko Laugarren Sailak auzipetutako Orain argitaletxeko administrazio kontseiluko kide guztiei leporatzen zitzaiena baliogabetu zuen, alegia, talde armatuko kide izatea». Horrekin batera azaldu dutenez, 18/98 sumarioaren bidez, «Auzitegi Nazionaleko epaileek gartzela zigorrak egotzi zizkieten administrazio kontseiluko eta erredakzio batzordeko zenbait kideri». Azaldu dutenez, oraindik ere epaiketa horrek emango duenaren zain daude.
Gonbidatuz
betetako ekitaldia
Gaurko ekitaldian, EGINen lan egindako kazetari eta kolaboratzaileak eta hainbat gonbidatu izango dira. Besteen artean bertan izango da baita ere Xabier Salutregi, EGINeko zuzendari ohia. Salutregi uztailaren 3an askatu zuten, 6.000 euroko fidantza ordainduta. Harekin batean izango dira, Esne Beltza taldea; Rafa Castellako; Xabier Amuriza; Amparo Lasheras; Koldo Alduntzin ; Joseba Tapia, Andoni Tolosa, Morau; Marian Beitialarrangoitia; Jon Maia; Mertxe Aizpurua, Petti; Alfonso Sastre; Ixiar Arteaga eta Xalbador Garmendia. Gonbidatuen interbentzioak eta bideoak izango dira ekitaldiaren ardatza.