Thermotechnic txapelketa bihar hasiko da Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 24a, 02:00

GAUR hastekoa zen Thermotechnic txapelketa bihar hasiko da Galarretan. Aurreneko partidu honetan Ezkurra eta Zeberio IIk jokatuko dute alde batetik, koadroko aurrelaririk onenak. Aurrez aurre izango dituzte Jokin Etxabe, Hernanin bizi den azkoitiarra eta Altuna II. Partidua biharko jaialdiko bigarrena izango da. Thermotechnic txapelketa bi taldetan banatutako erremontisten arteko ligarekin hasiko da. A taldean daude: Ezkurra-Zeberio II; Altuna II-Etxabe eta Urriza-Iriarte. B taldean koadroko atzelaririk onenak diren Urrutia eta Lizaso daude eta haiekin batean, Juaristi-San Miguel eta Uterga-Etxeberria III. Talde bakoitzaren barruan liga moduko bat jokatuko da eta talde bakoitzeko aurreneko bi bikoteak semifinalera joango dira. Galarretan igandero jokatuko dira txapelketa honen barruko partidak. Biharko partida arratsaldeko 17:00etan izango da.


Gaurko jaialdia
Gaur ere erremonteaz gozatzeko aukera izango da Galarretan. Jaialdiko estelarrean, jaialdiko bigarren partiduan, Ezkurra-Badiolak jokatuko dute Zeberio II-Urrutiaren kontra. Gainerako partiduak honakoak izango dira: Larrea-Martinez I/Ibarzabal-Gaztelu; Bitoria-Eizagirre/Agirresarobe-Etxeberria III; eta Bereziartua-Olazar/Matxin III-Agirrezabala. Jaialdia arratsaldeko 16:00etan hasiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!