Badira pare bat urte, Euskal Gunea egitearen ideia sortu eta herritar talde bat horretan lanean ari dena. Proiektu haundia da, ideia asko dira eta guztiak lotzeak eta lortzeak bide luzea eskatzen du. Hala ere, lehen bilera haietan gauza bat argi geratu zen «proiektua aurrera ateratzea zaila bada ere, talde sendoa osatuz eta jendearen eta udalaren inplikazioa lortuz gero, egingarria da». Kulturolako lan-taldeak oinarri horri tiraka bost talde edo batzorde osatu ditu (Programazioa, Azpiegitura, Kudeaketa, Juridikoa eta Ekonomikoa) eta batzorde horiek lehen proposamena egina dute, herriko eragile desberdinei azaltzeko. Orain artekoa oinarrizko proposamena da, eta lanak eta denborak emango diote Kulturolari benetako izaera eta forma, lan-taldeko kideek nabarmendu dutenez. Aurkezpen bilera, maia-tzaren 31n izango da, gaur zortzi, goizeko 11:00etan, Sandiusterrin. Bilera irekia da interesa duen guztiarentzat.
Zutabe nagusiak
Euskal Gunea proiektuaren zutabe nagusi batzuk zehaztuak daude. Besteak beste:
- Euskal kultura bultzatzeko gunea izango da. Beste hizkuntzak eta kulturak baztertu gabe, ardatz nagusia euskera izango da.
- Jabetza publikoa eta herrikoia izango da.
- Antolaketa eta kudeaketa parte-hartzailea izango du.
- Herritarren zerbitzurako espazio irekia izango da, eta ordutegi zabalekoa.
1) Programazioa
Programazio batzordeak, gunean egingo diren edo bilduko dituen ekitaldi eta jardunen hurbilpen bat egin du «irekia, eta arian arian osatu beharrekoa». Oraindik programazioa zehazteko goiz dela uste du batzordeak, eta proposamen oinarrizko bat egin du. Programazioa kultur arlokoa izango da lan-taldeko kideen hitzetan «kultura zentzu zabalean ulertuta». Alde batetik «sormenerako leku» izatea nahi dute, disziplina desberdinetako herriko talde eta pertsonek bertan entsaiatu eta esperimentatzeko gunea.
Horrez gain, «heziketarako gune» izatea ere aurreikusi dute: «taldeak hazteko aukera eman behar da (...); herritarrei talde horien jardueretara hurbiltzeko aukera eman behar zaie (...); eta nola ez, haurrak eta gazteak, diziplina horietara hurbilduko dira».
Horrez gain, «erakuslehio» izateko helburua ere azpimarratu dute, herriko nahiz herritik kanpoko «eskaraz egiten den kultur produkzioaren» erakuslehio izatea.
2) Azpiegitura
Azpiegitura batzordeak zehaztu du, ezinbestekoa dela eraikin egokia edukitzea, Guneari jarri zaizkion helburuak betetzeko. Horrelako proiektu batean, eraikina egin arte ezaugarriak zehaztea zaila dela badiote ere, zenbait ezaugarri izan behar dituela zehaztu dute. Besteak beste:
- 600-800 pertsona zutik kabituko liratekeen areto nagusia; jarri eta kendu egin ahal izango diren aulkiekin, eta gela txikiagoa behar denean, txikitzeko manpara edo pareta mugikorrekin. Tabladu edo agertokia, tamaina desberdinetara egokitu daitekeena.
- Taberna.
- Tailerrak eta gela balioaniztunak.
- Areto Txikia.
- Kanpoko gunea.
Kokalekua
Lan-taldeak osatutako txostenak nabarmentzen du, gune hau Hernani erdigunean egotea ezinbesteko baldintza dela. Adibide gisa, leku aproposa Goiz Eguzki ingurua izan daitekeela ere zehazten du: erdi gunetik bertan eta ondo komunikatua; bista onak eta leku berdeak inguruan, zenbait ekitaldi kanpoan egiteko modua. Bizilagunik ez.
3-4-5) Kudeaketa, izaera
juridikoa eta finantziazioa
Kulturola gunea Udalak eta herritarrek elkarlanean egin beharreko proiektutzat dauka lan-taldeak eta gunearen kudeaketan, izaera juridikoan eta finantziazioan ere hori nabarmendu dute. Finantziazioari dagokionean, Instituzioen esku uzten dute, eraikina egin, azpiegitura mantendu eta programazioari dagozkion diru laguntzak ematea. Ekitaldietako diru-sarrerak, tabernakoak eta abar, berriz, esku pribatuek gestionatzea proposatzen du lan-taldeak osatu duen lehen txostenak.
Aspaldiko eskaera, kultur aretoa
Hernanin aspaldiko eskaera bat da kultur ekitaldietarako areto batena. Gaur egun Biteri eta Sandiusterri dira horretarako prestatuta dauden areto itxi bakarrak, 200 lagunetik behera hartzeko prestatuak biak ere. Jende gehiago biltzen duten ekitaldietarako, berriz, kiroldegiko pelotalekua erabili izan dute Hernaniko zenbait taldek, baina arazo haundiak ditu: batetik ez du sonoridade ona, eta bestetik kirol ekitaldietarako dago prestatua eta azpiegitura egokirik ez dago, ez karga deskargarako, ez hotz garairako eta ezta argiztapen, erosotasun eta abarrerako ere. Kiroldegiko beheko pista ere erabili izan da behin edo behin, baina emergentzizko aterik ez dago pista hustutzeko eta Barne Sailak ez du uzten jende asko hartuko duen ekitaldirik bertan egiten.
Kulturolarena, kultur areto batetik aratago dijoan egitasmoa da, baina oinarrietako bat 600-800 lagun hartuko lituzkeen areto nagusi bat izatea da, lan-taldeak osatutako txostenak nabarmentzen duenez. Orain arteko ideien arabera, Bilbo, Durango, Ondarru, Elgeta edo Donostiako Kafe Antzokien antza du Kulturolaren egitasmoak.