Hogeita Bigarren Txalaparta Festak gaur du azken eguna, eta urteroko moduan ekitaldiz gainezka dator. Atzo Txalaparta Party Apartan ibili zirenek deskantsatzeko aukera izan dezaten, arratsaldeko 18:00etan hasiko da festa herrian barrena. Musika Eskolako dultzaina jole, txistulari, albokari eta trikitalariek festa giroa jarriko dute Kaxkoko gune desberdinetan eta Hernaniko sagardotegien laguntzarekin sagardoa banatuko dute txalaparta festako antolatzaileek.
Ondorenean, txalaparta erromeria izango da Tilosetan. Aspaldiko ohitura da hau Hernaniko Txalaparta Festan, eta bertan saio libreak egiteko aukera dute txalapartariek, betiko bikoteekin nahiz beste batzuekin. Nahikoa txalaparta jo ondoren, herri afaria izango da eta segidan hasiko da txalaparta festako saio nagusia, aurten ere parte hartze zabalarekin:
- Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak.
- Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartari familietako txalapartariak.
- Arabako Txalapartariak.
- Kirikittun Amikutzeko txalapartariak.
- Bianako Txakozu txalaparta taldea.
- Sestaoko Tx Eskola taldea.
- Gipuzkoako Txalapartariak.
- Hernaniko Musika Eskolako Ttakun Ttan Ttakun taldea.
Asteazkenean eta atzo txalaparta emanaldi bereziak
Txalaparta Festak asteazkenean eta atzo izan zituen ekitaldiak, eta gaurkoarekin bukatuko da. Orain artekoak emanaldi bereziak izan dira. Asteazkenean, Nomadak TX dokumentala ikusteko aukera izan zen, Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoaren eskutik. Zenbait herrialdetan barrena, txalaparta lagun, egindako bidaia biltzen du munduari buelta eman dion dokumentalak.
Atzo, berriz, Sestaoko Tx taldearen emanaldia izan zen, Hiru ipuin liburu bakarra. Txalapartaren bidean hasi berri diren ikasle hauek, emanaldi berezia prestatu dute, lehenengo aldiz. Txalapartaz gain, albokak eta trikitixak ere izan zuten parte. yy