Hirigintza batzordeak oniritzia eman du Tellerigainen etxeak eta garajeak egiteko

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 23a, 02:00

Santa Barbarako harrobia bete eta txukuntzeko lanak adjudikatzea datorren Hirigintza batzordean hitz egingo da.

HIRIGINTZA batzordea izan da aste honetan. Enpresa partikular batek Tellerigain inguruan etxeak eta garajeak egiteko eskaerari oniritzia eman zion Hirigintza batzordeak. Enpresak etxeak eraiki nahi lituzkeen eremua, zehazki, Tellerigainen dago, etxe gorrien eta kanposantuaren artean. Puntu honek aurrera egin dezan, Gobernu batzordeak onartu behar du.

Airearen kalitatea
Hirigintza batzordean Buruntzaldeko airearen kalitatea aztertzeko hitzarmenaz ere hitz egin zen. Hernanin, airearen kalitatea neurtzen duten hainbat dispositibo daude, eta asmoa dute Pipiritan beste dispositibo bat jartzeko. Airearen kalitatea aztertzeko hitzarmena entitate hauen artekoa da: Eusko Jaurlaritza, EHUko Kimika Fakultatea eta Hernani, Andoain, Lasarte eta Astigarragako Udalak. Asmoa dute etorkizunean Usurbil eta Urnietako Udalak ere hitzarmen honetan satzeko. Hitzarmena plenora joango da. Sagastiyan ekimen pribatuko etxebizitzak Sagastiyako ekimen pribatu bidez egingo diren etxebizitzetaz ere hitz egin zen. Etxebizitza hauek Eusko Jauraritzak egingo dituen etxebizitzen goialdean kokatuko lirateke. Hirigintza batzordeak etxebizitza hauek egiteko plan partziala onartzeari oniritzia eman zion. Plan partziala zera da: etxeak joango diren eremuaren diseinua, nolabait esatearren. Plan partzialak aurrera egin dezan, Plenoan onartu beharko litzateke.

Santa Barbarako proiektua hurrengo batzordera
Hirigintza batzordeko gai zerrendan, Santa Barbarako harrobia betetzeko eta ingurua txukuntzeko lanak ere bazeuden. Santa Barbararako proiektua dagoeneko badago eta orain, proiektu hau enpresaren bati adjudikatzea falta da lanak hasteko. Puntu hau datorren Hirigintza batzordean eztabaidatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!